2021eko abenduaren 19an jokatzekoa zen Santamas krosaren 43. edizioa bertan behera utzi ostean, argi adierazi zuten Arrasateko Kanpanzar Atletiko Taldeko arduradunek beren nahia: "Asmoa da egoerak hobera egiten duenean antolatzea". Esan eta egin.
Maiatzaren 22an jokatuko da Koadrilen arteko XLIII. Santamas krosa, Enrike Kabiketaren XVIII. memoriala. Eguerdiko 12:30etatik aurrera, sei kilometroko ibilbidea prestatu du antolakuntzak, eta 16 urtetik gorakoek soilik parte hartu ahal izango dute. Arrasateko Kanpanzar Atletiko Taldearen webgunean zein probaren aurretik Biteri plazan bertan eman ahalko da izena.
Haur eta gazteak, aurretik
Nagusiena ez da izango, baina, eguneko proba bakarra. Hona antolakuntzak adin-tarte desberdinentzat antolatu dituen saioen ordutegi eta distantziak:
- 11:00 - 13-14 urtekoak (800m)
- 11:10 - 11-12 urtekoak (600m)
- 11:20 - 10 urtekoak (400m)
- 11:30 - 9 urtekoak (400m)
- 11:40 - 8 urtekoak (175m)
- 11:50 - 7 urtekoak (175m)
- 12:00 - 5-6 urtekoak (100m)