Maristasen gainetik pasa da MU eta gertuago dago lauko finala Iturripera ekartzeko aukera

Jone Inuntziaga 2022ko mai. 8a, 20:19

Mondragon Unibertsitateko neskek 91-61 irabazi diote orain arte aurrealdeko postuan zegoen Maristas Logroño taldeari. Partidua, baina, uste baino lehiatuagoa izan da, bai behintzat lehenengo zatian. Izan ere, moreek hirugarren laurden ikusgarria egin dute eta hor utzi dute partidua erabakita. AEBtatik itzuli berri den Irene Muruak ekarpen handia egin dio taldeari, baita puntu mordoa egin dituen Izar Bediak ere.

Lauko finala Iturripera ekartzea gertuago dago gaur Maristas taldea 30 puntuko aldeagatik mendean hartu eta gero. Lehenengo bi laurdenetan etxekoak aurretik izan dira (25-19, 46-39), baina errioxarrak partiduan sartuta egon dira. Hirugarren laurdenean, baina, errepasoa hartu dute Iturripen (75-50). "Gu ondo hasi gara baina eurek ere jokalari oso onak dituzte postu guztietan eta min handia egin digute partidua zelan oinarritu duten ikusita. Pibotak asko ireki dira, hiruko lerrotik jaurtiketa onak egin dituzte... Hala, hasieran sentsazioa zen lan ona egiten ari ginela, baina etekin txikia lortzen ari ginela", adierazi du partidu amaieran Arrik.

Atsedenaldian, baina, hainbat aldaketa egin dituzte eta emaitza onak eman ditu horrek. Bereziki defentsan lan izugarria egin dute moreek: "Eurek bazekiten sailkapenean aurrea hartzeko 5 puntuko aldeagatik irabazi behar zigutela, eta ikusi dutenean hirugarren laurden horretan abantaila polita eskuratu dugula, behera egin dute eta azken laurdena gogorra izan da eurendako".

Irene Murua, AEBtatik itzuli berri

Taldeko berritasunetako bat izan da, hain zuzen, AEBtara ikastera eta saskibaloian jokatzera joandakoa den Irene Murua elastiko moreaz egon dela. Arrasatekoak oporraldia aprobetxatuko du, fitxa talde arrasatearrean ere baduenez, etxeko taldearekin ligako azken partidu hauek jokatzeko, eta baita lauko finala ere. Hori da, hain zuzen, klubak denboraldi amaiera honetan daukan erronka politetako bat, alegia, fase hori Iturripen antolatzea gura dute. Horretarako, baina, azken jardunaldiko emaitzaren zain egon behar dute, lehenengo sailkatzen denak eskubidea daukalako fasea etxean antolatzeko. San Inazio taldea da borrokan dagoen beste hautagaia, eta moreek datorren astean Bilbon jokatuko dute azken jardunaldia. San Inaziokoek, berriz, Gasteizen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak