Debagoienean, mendi bizikleta martxei dagokienez, inoizko jendetsuena izan da gaur Musakolako jaien bueltan antolatu dutena. Kantitatea ez da beti kalitatea, baina bigarren horretan ere parte-hartzaileak antolatzaileak zoriontzera gerturatu dira amaieran: "Hori betikoa da, bakoitzak bere gustuak izaten ditu ibilbideari dagokionez, baina gu pozik geratu gara egindakoarekin. Bestalde, 370eko kopurua inoizko handiena izan da, jendea halakoak egiteko gogoz dagoen seinale. Eta noski, egunak lagundu egin du, izugarrizko giroa izan dugu gaur".
Martxa hasi eta berehala, ibilbidean jende pilaketak saihesteko helburuarekin antolatzaileek aldapa gogorren bat sartu dute: "Saiatu gara hasieran pista zabalen bat sartzen, tropel barruan bakoitzak bere tokia har zezan. Baina, gurea bizikleta martxa bat da, ez lasterketa bat, horrenbestez, horrek ez gaitu arduratzen. Helburua da amaieran jendea pozik ikustea, eta jatekoekin eta edatekoekin egunari jarraipena ematea". Hain zuzen, bigarren horretan ere lanak izan dituzte antolatzaileek. "Garagardo gehiago erostera joan behar zian dugu, jendea egarriz iritsi da hemugara".
Ezbeharrei dagokienez, eta tartean horrenbeste jende egonda, egia da zirkuitua siku egoteak lagundu egin duela erorikoen kopurua murrizten: "Lau bat lagunek hartu dute min apur bat, eta bat urgentzietara eraman dute sorbalda atera zaiolako. Baina, ez da ezer larririk egon, eta erorikoetan zauri arinak baino ez dira egon".
Esker mezua boluntarioei
Hala, Diazek gaurko martxa posible egin duten boluntarioak izan ditu gogoan: "70 bat lagun ibili gara lanean, gaztetxoen mendi bizikletan irteeran ere jendea behar zen lanerako... Eskerrak eman denei, eurak gabe hau guztia ez delako posible".