Orain dela urte asko izan zen Arrasaten ikuskizuna egiten, oroitzapen politak ditu eta "gogoz" dago berriz ere Arrasatera itzultzeko; izan ere, senideak ditu bertan. "Valladolideko herri txiki batekoa naiz ni, eta Zamorako Morales de Toro herrikoa da ama, eta zuen eskualdean bizi dira hango sustraiak dituzten asko. Nik, esaterako, harreman handia dudan lehengusina batzuk ditut Arrasaten", azaldu du Claverok.
25 urte bete dituen ARTren Herensugeak beteranoen taldeak antolatu du ikuskizuna eta horrek ere ilusio berezia egiten diola azaldu du Claverok: "Nire aitak herriko errugbi taldean jokatzen zuen eta txikia nintzenean nik ere aitarekin jokatzen nuen; beraz, maitasun berezia diot kirol horri, nahiz eta ez naizen nik gura besteko trebea kirol kontuetan. Oso pozik eta esker- tuta hartu dut Herensugeak-en proposamena, buruan nuen-eta Arrasatera ikuskizun berriarekin joateko asmoa".
2001eko Gabonetan hasita
Bakarrizketari lanetan nahiko kasualitatez hasi zela kontatu du: "Lagunen artean istorioak kontatzeko ohitura izan dut beti, eta, halako batean, 2001eko Gabonetan, lagun batek taberna baten egin behar zuten lehiaketa batean eman zuen nire izena. Lehiaketa hori irabazi egin nuen, handik beste batera joan nintzen gero eta hura ere irabazi egin nuen, hurrengoan beste batzuetara aurkeztu nintzen eta, poliki-poliki, ikuskizunak egiten hasi nintzen".
Aretoetako ikuskizunez gain, telebistetan eta irratietan ere jarduten du. 2017an hasita, egunero, 08:00etan egiten du El Pirata y su banda saioan El Francotirarock bakarrizketa saioa. "Ia 1.000 saio izango dira laster. Denetariko gaiei buruzkoak dira, egunerokotasunarekin lotutakoak, alaiagoak batzuetan, serioagoak beste hainbatetan".
Pandemia osteko askotarikoak kontatuko ditu Claverok gaur, egubakoitza, Amaia antzokian
Pandemia "ez ahazteko"
Iazko azaroan "arrakastaz" estreinatu zuen La nueva normalidad ikuskizuna eskainiko du gaur Amaia antzokian. "Oso nostalgikoa naiz, garai bateko kontuak kontatzea dut gustuko eta normaltasun berriak hori egiteko bidea eman dit. Konfinamenduari buruz ere jarduten dut, nola ez, ez dut-eta ahaztu nahi hiru hilabete etxean egon ginela. Baina hori guztia umoretik kontatzen dut, egiatik eta nire bizipenetatik abiatuta. Ez dut estilo zehatzik, naturala naiz, ordu eta erdi pasa isildu barik jarduten dut, ikusleek ondo pasatzea da nire helburua".