Saioa karate talde arrasatearra txapelketen denboraldian murgilduta da, eta hala, Kantabriako Soto de la Marina herrian jokatu zen Costa Quebrada nazioarteko karate txapelketan izan ziren joan zen asteburuan. Maila, modalitate eta pisuka banatuta, sei kirolari aritu ziren zapatu zein domekan tatamiaren gainean: Irati Izurrategi, Danel Izurrategi, Asier Murua, Xavier Varteniuc, Julen Bermejo eta Aratz Ezpeleta.
Gehienak podiumaren borrokan aritu ziren arren, bik soilik lortu zuten txapelketatik domina batekin itzultzea. Zehazki, Irati Izurrategi bigarren izan zen kadete mailako kumite modalitateko Openean, eta Danel Izurrategik, aldiz, brontzezko domina lortu zuen junior mailako kumite modalitatean, 61 kilotik beherako kirolarien artean. Taldeko arduradunek gazteak zoriondu nahi izan dituzte "egindako lan onagatik", baita txapelketara hurbildu ziren familiarteko eta lagunak "emandako babesagatik".
Hurrengo txapelketa, Azkoitian
Karate txapelketek ez dute etenik. Hala, eta astebeteko atsedenaren ostean, Azkoitian jokatuko den Udaberriko Txapelketan lehiatuko dira Saioa taldeko kirolariak datorren asteburuan.