Ointxe! saskibaloi klubeko emakumezkoen senior taldea denboraldi hasieran esperotakoa baino helburu handiagoengatik ari da lehian. Iaz, kategoriaz igo zirenean, jakitun ziren jokalari gazteak izanda gogotik sufritu beharko zutela bigarren maila nazionaleko oilar beteranoen aurka, baina lehen itzuli bikaina egitea lortu ostean, txapeldunak izan zitezkeela ulertu zuten. Loriarako bidean, baina, San Inazio iruindarrak gurutzatu zitzaizkien. "Iturripen oso talde gogorra zela ikusi genuen, eta irabazi egin ziguten; hortaz, helburu apalagoa jarri genion geure buruari: liga bigarren amaitu, eta igoerako fasea etxean jokatzea", adierazi du Mondragon Unibertsitateko prestatzaileetako bat den Unai Ibarrak.
Hori baita ligako bigarren talde onenari dagokion balizko abantaila. Arrasateko saskibaloi jokalarien esku dago denboraldiko txanparik zirraragarriena zaleen berotasunaren babesean jokatzea. Gaur-gaurkoz, hirugarrenak dira sailkapenean: bigarren dago San Inazio, eta Logroñoko Maristak daude gailurrean.
Hain justu, errioxarren bisita izango dute domekan, 18:00etan hasita. Marea moreari bost puntu baino gehiagogatik komeni zaio neurketa irabaztea: "Modu horretan bakarrik gaindituko genituzke sailkapenean, Logroñora joan ginenean bost puntugatik galdu genuelako. Gure asmoa beteko balitz, garaipen kopuru berarekin egingo genioke aurre azken jardunaldiari, baina, esan bezala, haien aurretik". San Inazio aurreratzeko, kale egin beharko lukete haiek.
Defentsan dago gakoa
Mondragon Unibertsitatearen partiduak jarraitzen dituenak partidu biziak eta puntu askokoak ikusi ohi ditu, normalean. Bitxia dirudi, baina saskiratze gehien sartu eta jasotzen dutenak dira. Ez da zaila asmatzea, horrenbestez, zein aspektu landu duten azkenaldian entrenamenduetan: "Erasoan egiten dugun jokoan baino gehiago, aurkariaren baloi-jabetzetan presio handiagoa egitean zentratu gara".
Landutakoaren emaitza domekan, arratsaldeko seietan hasita, frogatuko dute zaleek Iturripeko kiroldegian. Partidu lehiatua izango dela aurreikusita, momentu kritikoetan publikoak "estutzea" espero du Ibarrak.
Ligako azken jardunaldian Unamunori egingo dio bisita Ointxe!-k. Gertatzen dena gertatuta, maiatzaren 22ko eta 23ko lauko finalean egongo da taldea. Eszenatokia zein izango den jakitea falta da.