Ibilbide luze eta oparoa du Miren Agur Meabe Plazak. 2021ean Espainiako Poesia saria jaso zuen Nola gorde errautsa kolkoan poesia liburuagatik. Aurten Euskaltzain Oso izendatu duten idazleak sari eta errekonozimendu ugari jaso izan ditu helduentzako nahiz haur eta gazteentzako literatura lanengatik.
Elkarrizketatzaile lanetan ez du edozein izango, Eider Rodriguez Martin idazlea, hain zuzen. Ipuin liburuez gain, hainbat literatur arlo ere jorratu izan ditu. 2021ean argitaratu zuen bere lehen eleberria, Eraikuntzarako materiala, eta liburua aurkezten dihardu oraindik ere.
Hamargarren urteurrena
Emakume Txokoak antolatzen dituen ekimenen helburua gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea da eta "saiakera berezia" egiten dihardu "emakumeen ekarpena ikusarazteko eta esparru ezberdinetan egiten duten lanaren aitortza egiteko".
Helburu horrekin duela hamar bat urte eman zitzaion hasiera Emakumeak protagonista elkarrizketa-solasaldi zikloari eta askotariko erreferenteek hartu dute parte: Edurne Brouard, Maite Aristegi, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Ana Gabriel Sabaté ,Garbiñe Biurrun, Virginia Imaz, Jeanne Roland, Ane Irazabal, Mari Luz Esteban eta abar.
Haiekin solasean, beste horrenbeste emakume aritu dira elkarrizketatzaile lanetan: Maialen Iriarte,Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio, Arantza Santesteban, Dorleta Kortazar, Iraitz Agirre, Ana Murcia, Maite Asensio….