Gipuzkoako Futbol Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak antolaturiko topaketa izan da gaurkoa. Saio ezberdinak egiten dituzte probintzian barrena, herrietako kluben inplikazioa eta laguntzarekin. Arrasaten bigarrenez egin dute topaketa, eta Irunen, Azpeitin edota Beasainen ere egin dituzte. Aurrez, beste kirol batzuekin ere egin dituzte mota honetako topaketak.
Helburua herri ezberdinetako haur eta gazteak elkar ezagutu eta kirolaren bidez ondo pasatzea da, aisia aktiboa sustatuz. Beroketa ariketekin hasi dute topaketa 12:00etan, eta jarraian, futbol zelaira irten dira baloiarekin aritzeko gogotsu.
Antolatzaileek azaldu dutenez, familiak "oso eskertuta" daude, eta gainera, "duela urte batzuk ia hitzordurik ez izatetik, agenda gainezka izatera pasatu dira" mota honetako ekimenei esker. Hala, futbolean aritu diren gaztetxoak ez ezik, gurasoak ere gustura aritu dira harmailatik animatzen.