1936an kokatutako antzezlaneko bi pertsonaia, Adela eta Martirio, hildakoen mundutik itzuliko dira Amaia antzokira maiatzaren 1ean, 19:30ean. Nerea Ariznabarretak eta Irene Hernandok gorpuztuko dituzte bi ahizpak, baita gainontzeko protagonistak ere, baina modu berezian. "Adelak eta Martiriok Adams familiaren antzeko estetika daukate; ama Bernarda, amona eta beste ahizpak, ostera, objektu sinbolikoekin ordezkatzen ditugu", dio Ariznabarretak.
Funtsean, "euren etxean gertatu zena berriz ez errepikatzeko" eskatuko diete Amaia antzokira joango diren gazteei eta helduei: "Izan ere, gaur egun, emakumezkoen sexualitateak erreprimituta jarraitzen du, eta gertatzen dena gertatzen dela, beti neskek daukate errua". Dramatik aldendu gabe, komediari ateak irekitzearen alde egingo dute, "oso esperpentikoak" direlako. Antzeztu ez ezik, zuzeneko musika joko dute bi aktoreek pianoaren bidez, kantu ezagunen bitartez.