Arrasatearrek bi mendi argiztatzeko aukera izango dute, Iparla mendia, dituen ezaugarriengatik Besaide mendizale elkarteak kudeatuko duena, eta Astate mendia –Buztanzelai eta Iparla mendien artean dagoen tontorra–, Arrasateko Gure Eskuko kideek kudeatuko dutena. "Hasiera batean Iguzkimendi mendia egokitu bazitzaigun ere, Arrasateko Gure Eskuko hainbat kidek bertara egindako irteera baten ondoren, irisgarritasun arazo gehiegi ematen zirela ondorioztatu genuen eta mendiz aldatzea erabaki zen, Astate mendian arazo horiek guztiak ekiditen zirela ziurtatuz", adierazi dute.
Jada izena emateko epea zabalik dago eta, horregatik, "herritarrei gauzak errazte aldera, hainbat egunetan, mahaiak aterako ditugu kalera eta horien berri astero emango dugu". Bertan, beharrezko informazio guztia emateko eta zalantzak argitzeko egongo dira Arrasateko Gure Eskuko kideak: "Gainera, ekimenaren egunerako atera ditugun kamiseta berriak ikusteko eta eskatzeko aukera ere izango da".
IZEN-EMATE MAHAIEN LEHEN PARADAK:
- OSTIRALA, apirilaren 29a, 18:30ean: Portaloian
- ZAPATUA, apirilaren 30a, 11:00etan: Portaloian
Honakoa gaineratu dute: "Erronka kolektibo erraldoi bat dugu aurrean; Herria batu, saretu eta ahalduntze prozesu honetan, burujabetzarako bidean, salto kualitatibo eta kuantitatibo bat ematera goaz. Egin dezagun posible!".