Joan den azaroan eratutako Amerika elkarteak aurrerapauso garrantzitsuak egin ditu dagoeneko. Lokal propioa eskuratu dute Arrasateko Altamira auzoan –Jose Luis Iñarra 30-32 helbidean–, eta bazkide kopurua haziz doa: dagoeneko 20 lagun baino gehiagok osatzen dute elkartea, "baina babesa eta sustengua eskaintzen dituztenak kontuan hartuta, 60 inguru" dira.
Esku-orriak, hobeto ezagutzeko
Eskuartean dauzkaten proiektuak eta ideiak ezagutarazteko Txaski esku-orria kaleratzen hasi dira: "Kultura incan, chasqui-ak mezulariak ziren, eta elkarri erreleboak emanez helarazten zituzten mezu eta albisteak alde batetik bestera". Eurek ere eskuz esku banatuko dituzte aleak, bazkideen gertuko lagunen bitartez. Hala, Debagoienean bizi diren komunitate guztietara iritsi nahi dute, ez bakarrik hegoamerikarrera.
Apirileko edizioan, euren filosofia, biztanleriaren inguruko datuak, Nikaraguari buruzko oinarrizko datuak, testigantzak eta langile migranteen erregularizazioa lortzeko Espainia mailako mugimendua izan dute hizpide, besteak beste.
Asteburuan, janari, edari eta musika-postua
Esker oneko azaldu dira elkarteko kideak San Andresko jai batzordeak eskaini dien espazioagatik. Gudari Plazan postu bat jarriko dute ostiral, zapatu eta domekan, jaiak iraun bitartean bereziki Kolonbiako jakiez, edariez eta datza egiteko musikaz goza dezan jendeak. Haurrek zumba dantza dezaten ikastaroa ere egingo dute toki berean.
Horri lotuta, dantza latinoak ikasteko tailerrari ekingo diote datorren astean, maiatzaren 3an. Saioak euren lokalean izango dira, martitzen eta eguenetan, 20:00etatik 21:00etara.
Interesa duen orori Amerika Elkartera hurbiltzeko dei egin diote, nahi izanez gero, 686 07 39 33 telefonora deituta.