Dozena bat koadro erakutsiko ditu Rikardo Azkargorta bergararrak Doken. Akuarela teknika erabiliz, Arrasateko alde zaharreko kantoiak ikuspuntu desberdinetatik interpretatu ditu, argi eta argi-kontrekin jolastuz. Teknika horrek, bere esanetan, "bizitasuna" ematen die margolanei, garrantzitsua izanik "pintzelada gutxi ematea, gardentasuna ez galtzeko". Eguenean, hilak 28, irekiko dute galeria, 19:00etan.
Miren Artetxe Eizagirre margolaria, aldiz, Arroa Goikoan jaio eta Azpeitian bizi da. Urteak daramatza margolaritza-eskoletan jakintzak sakondu eta lan serio bat osatzen. Kajoin aurkeztuko duen Burbuxan izenburuko galerian, pandemia garaiko "isiltasun eta bakardade sentimenduak" irudikatuko ditu. Olioa eta paper zein mihise gaineko lan abstraktuak erabili ditu emozioen nahasmenak adierazteko. Erakusketa horren inaugurazioa hilaren 29an, egubakoitza, izango da, 19:00etatik 21:00etara.