"Pandemiak jota utzi gaitu eta agian beste behar batzuk sortu zaizkigu. Ohartu gara Arrasaten geroz eta mugimendu gutxiago dagoela, bai kalean eta baita komertzioetan ere, eta ziklo honekin mugimendua berreskuratu gura dugu", azaldu dute Jessica del Campok eta Leire Bediak, Beluneko arduradunek. "Zerbait txikia, goxoa eta intimoa izatea gura dugu, kezkak partekatu ahal izateko".
Interes orokorreko gaiak landuko dituzte, haur zein nagusiei zuzendutako hitzaldi eta tailerren bitartez. "Esperientziak partekatuko ditugu eta adituen aholkuak jasoko ditugu askotariko gaien inguruan: psikologia, autoestimua, ordena eta txukuntasuna, irudia, nutrizioa eta abar".
Egubakoitzean, lehenik, taila bakarreko arropa egiten duen Ana Calmadak bere produktuak salduko ditu, goizez zein arratsaldez, Belun dendan. "Kanonetatik kanpo dagoen moda bat da berak egiten duena, slow fashion", diote Beluneko arduradunek.
Arratsaldean, era berean, Olatz Agirre irudi aholkulariak Izan, sentitu, jantzi hitzaldia egingo du, "modaren kanonak hautsiz".
Maiatzaren 6an, egubakoitza, Maitane Ormazabal psikologo eta coach-aren eskutik, Autoestimuaren zazpi zutabeak, entrena zaitez saioa egingo dute, 18:00retan hasita.
Hilaren 13an, egubakoitza, 4 urtetik gorako haurrei zuzendutako Laino artean ipuin kontaketa egingo du Vanessa Gonzalezek, 17:30ean.
Azkenik, maiatzaren 19an, eguena, Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizio aholkulariak hitzaldia egingo du, 18:00retan: Gure txikien elikadura aitzaki.
Edukiera mugatua izango da eta aurrez eman beharko da izena, 943 04 03 20 zenbakira deituta.
Aurrera begira ere, beste hainbat aditurekin lotuta dituzte saio batzuk, baina aurrerago emango dute horren berri.
Hainbat babesle ditu ziklo honek: Bibai inmobiliaria, Irrika Gluten Free bakery, Lirain Arrasate Estetika eta Talleres Txapime Autoak Citroen.