Lauko finala jokatuko du MUk

Txomin Madina Milikua 2022ko api. 23a, 22:08

Baskoniaren kontra Iturripen jokatutako partiduaren zatirik handienean markagailuaren atzetik joan arren, Eneko Mataren mutilek azken txanpan egindako lanari esker 92-87 irabaztea lortu dute. Gauzak horrela, lauko finala jokatuko du Arrasateko taldeak. Argazkiak: Angel Ayastuy

Partidu erabakigarria izan da MUrentzat gaur arratsaldean Baskoniaren aurka Iturripen jokatu duena. Ligako azkena izan da eta irabaztea ia ezinbestekoa zuen lauko finalean sartu eta igoerarekin amesten segitzeko. Eta borrokatua izan den arren, Eneko Matak zuzendutako taldeak lortu du helburua.

Azken laurdenera arte, baina, amaierak bestelakoa izan zitekeela zirudien. Lehen hiru laurdenak arrasatearrak markagailuan atzetik zeudela amaitu dira. Laugarren eta azken laurdenaren hasi denean,  esaterako, Baskonia 71-80 zihoan irabazten. Baina orduan heldu dira etxekoen minutu onenak: azken hamar minutuetan 21 puntu lortu dituzte; arabarrek, aldiz, 7. Eta saskiratzerik egin ez arren, Iturripe bete duten zaleek seguru izan dutela MUren azken txanpa ikusgarrian zeresanik, uneoro egon dira-eta jokalariak animatzen. 92-87 izan da azken emaitza, eta sailkapenean bigarren postua lortuta, igoerara bidean hurrengo geltokira heltzea lortu dute: datorren astean Galizian jokatuko duten lauko finalera.

"Behetik gorantz"

“Oso pozik nago”, adierazi du norgehiagokaren amaieran Eneko Mata entrenatzaileak. “Bagenekien partidu zaila izango zela, aurkaria gogorra delako”, esan du, eta gaineratu: “Hasieran saskiratze asko egin dituzte, eta guk ere defentsan hobeto egin genezakeen. Baina azken laurdenean indarra hartu dugu, eta zaleek okerren geundenean babestu gaituzte. Topikoa dirudi, baina amaieran ondo jokatuz gero, partidu hauek irabazi daitezke, tentsio eta nerbio gehiago dagoelako. Behetik gorantz egin dugu, beteranotasuna erakutsiz; erasoan akats gutxi eginaz eta oso ondo defendatuz”. Datorren astean izango den lauko finalera begira, ahalik eta egoera onenean joateko nahia agertu du: “Bakarra sailkatuko da azken faserako, eta astean entrenatzen jarraituko dugu, gaur irabazi izanaren ilusioarekin”.

Dani Lorenzoren azkena Iturripen

Gaurko partidua modu berezian bizi izan du Dani Lorenzo jokalariak, denboraldia amaitzean MU utziko duenez, Iturripen jokatu duen azkena izan delako: “Emozio handiarekin bizi izan dut, sekulako giroa zegoen… Ezinhobea izan da gaurkoa. Oso pozik nago Iturripen horrela bukatzearekin”. “Hemen saskibaloirako gogoa berreskuratu dut. Kluba oso ondo portatu da nirekin, eta oso eskertuta nago. Bihotzean eramango ditut beti”, esan du, hunkituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak