'Lumineszenteak' erakusketa irekiko dute Kulturaten apirilaren 28an

Hasier Larrea 2022ko api. 20a, 12:59

Proiektuak diskurtso nagusietan lekurik ez duten emakumeen bizitzak hitz eta irudi bidez batzen ditu. Igone Mariezkurrena kazetaria eta Irantzu Pastor argazkilaria dira lanaren egileak. Azken lau urteotan Palestinan, Indian, Lakota nazioan eta Euskal Herrian bertatik bertara dokumentatutako narrazioak eta material grafikoa dakartza erakusketak.

Emakume Txokoak, Arrasateko Udaleko Kultura sailaren laguntzarekin, ‘Luminiszenteak’ erakusketa irekiko du Kulturateko klaustroan apirilaren 28tik maiatzaren 13ra. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak eta zenbait erresilientzia historia batzen ditu ekimenak, hau da, diskurtso nagusietan lekurik ez duten emakumeen bizitza-historiak eta irudiak.

Jasotako dokumentaziotik Luminiszenteak liburua ondu dute egileek; bertan, 63 emakumeren testigantzak eta erretratuak jaso dituzte. Kulturateko erakusketak izen bereko liburua izango du oinarri: "Haren laburpen edo lagin bat da eta, orotara, lau herrialdetako 24 emakumeren testigantzak eta irudiak dakartza. Testuinguru oso gogorretan jaio eta hazi arren, aurrera egin eta ingurukoen artean indarra eta kemena kutsatzeko gai diren emakumeak dira obra honetan protagonista" Udaletik adierazi dutenez. Emakumeen inguruko diskurtso homogenizatzaileak apurtu eta, horien ordez, begirada konplexuagoak bideratzeko saiakera bat da, beraz, Luminiszenteak.

Igone Mariezkurrena eta Irantzu Pastor (Argazkia: Argia).

"Narratiba berriak sortzeko ekarpena"

Egileen esanetan, "indarkeria patriarkalaren adierazpen-sorta zabala generoarekin, arrazarekin, etnizitatearekin, klasearekin eta sexualitatearekin nola gurutzatzen den ulertzeko ahalegin bat" da obra, hots, "gorputz bortxatu eta pasiboen ideia alde batera utzi eta, horren ordez, beren burua defendatzen duten eta aurka egiteko gai diren gorputzen ideia indartuko duten narratiba berriak sortzeko ekarpen bat; iluntasunean argia igortzeko gai diren izakiak dira LUMINESZENTEAK”.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak