Arrasateko Udal Bibliotekak 12.600 bazkiderekin itxi zuen iazko urtea

Mirari Altube Arrese 2022ko api. 19a, 12:06

Bibliotekaren jardunaren gaineko iazko datuak eman gura izan ditu Arrasateko Udalak. Haren esanetan, bazkide berrien joera igo egin zen, duela bi urteko datuekin alderatuz, eta bazkideen %30ak erabili zuen mailegu zerbitzua.

Arrasateko Udal Bibliotekak 12.604 bazkiderekin amaitu zuen 2021a; hala zehaztu dute udaletik eta gaineratu, arrasatearren %58 dela bazkide. Datu hori are gehiago zehaztu dute; 10.569 ziren 16 urtetik gorakoak, 1.935 haur eta gazteak eta 90 erakundeak. Argitu gura izan dute 2020an bazkide gehiago zeudela baina iaz, udal biblioteka guztietako bazkideen garbiketa egin zuela Liburutegi Zerbitzuak eta azken hamar urteetan mailegu zerbitzua erabili ez zituzten bazkide guztiak ezabatu. Horregatik, bazkide gutxiago izan arren kopuruari erreparatuta, goranzko joera mantendu zela 2021ean diote: "Duela bi urte 300 bazkide berri inguru egin ziren, eta pasa den urtean, aldiz, 400".

Herriko biblioteketan gordetako dokumentuen berri ere eman dute: 72.708 daude guztira Santa Marinan eta Kulturaten, azken horretan 66.403, hau da, %91. Horietatik "gehien nabarmentzen" direnak dokumentu monografikoak, aldizkariak eta bideoak dira; "gutxien", ostera, musika eta katalogatu gabekoak. Eta adierazi dute 2021ean 3.485 dokumentu berri sartu zirela: 2.569 monografikoak, 483 aldizkari, 305 bideo, 126 musika eta bi katalogatu gabe.

Mailegu zerbitzua "suspertu"

Mailegu zerbitzua "suspertu" egin zen 2021ean; izan ere, bazkideen %30ak erabili zuen, eta egunero, bataz-beste, 155 dokumentu mailegatu, guztira 42.500 urtean.

Iazko udan, gainera, Biblioteka etxera mailegu zerbitzua jarri zen martxan, horren helburua izanik liburutegira gerturatzeko zailtasunak dituzten pertsonei liburuak eta bestelako materialak etxeraino eramatea. Gaur gaurkoz 80 urtetik gorakoak edo mugikortasun arazoak dituztenak dira onuradunak; martxan jarri zenetik bederatzi pertsonek eman dute izena, eta horietatik bik eskatu dute liburuan maileguan –banaketak astean behin egiten dira, oraingoz–.

Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren eLiburutegia plataformaren zerbitzua "asko hazi" dela gaineratu dute udaletik, bereziki pandemiaren ondorioz: "2020an gorakada handia izan zuen, biblioteka itxita egon zen hilabeteetan bultzada handia eman zitzaiolako. 2021ean erabilera jaitsi arren, zerbitzua egonkortu egin zen". Plataformak 35.500 dokumentu eskaintzen ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak