Pandemiak eta taldekide aldaketak lehen diskoa atzeratu badute ere, rock-and-rollez bustitako lana prest dauka Txakurrak talde arrasatearrak. Vive la calle! diskoa apirilaren 23rako eskuragai izango dela aurreratu dio GOIENAri taldekide Jokin Mendizabalek.
Taldea, baina, motorrak berotze aldera, Berlinen izan berri da diskoko kantuak astintzen: "K19 tabernan egin dugu emanaldia, eta dena gertatzen ari gara. Oso gogotsu gaude Arrasateko emanaldirako; izan ere, atzeratu egin zaigu disko aurkezpena pandemiagatik eta abeslari aldaketagatik".
Hala, Zaunk & Roll doinuez eta punk zertzeladez osatutako lehen lana Arrasateko gaztetxean, etxean, aurkeztuko dute, hilaren 23an, 22:00etan hasita. Tatxers eta Atturri nafarrak ere igoko dira eszenatokira. Sarrera 5 euro da eta bertan jarriko dituzte salgai.