Tokiko sortzaileei ahotsa emango die HitzArteak

Maider Arregi 2022ko api. 13a, 09:00

Arantza Otaduy, Iker Barandiaran, Eneko Barberena, Maria Oses, Marian Porcel eta Jokin Mitxelena sortzaileak izango dira aurtengo HitzArtea ekimenaren protagonistak. Hilaren 29an Kulturaten egingo dute solasaldia, 19:00etan hasita.

Apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguna da; irakurketa eta argitalpen industria sustatu eta idazleen eskubideak babesteko eguna, alegia. Hala, horri eutsita, aurten ere, Arrasateko liburutegiak HitzArtea antolatu du, askotariko sortzaileak ezagutzera emateko eta sustatzeko asmoz. Oraingoan, ordea, bertako idazleen, zero kilometroko sortzaileen, aldeko hautua egin du, eta horiek ezagutarazteko bide emango diete herritarrei. "Garrantzitsua dela uste dugu herriko idazle eta sortzaileak ezagutaraztea, eta baita euren lana ikusaraztea herri mailan. Babesa badutela eta bakarrik ez daudela erakutsi nahi diegu. Beren garrantzia ere badute, eta hori sustatu nahi dugu", azaldu du HitzaArteko antolatzaile Judit Ruiz de Munainek.

Era berean, sortzaileen eta herritarren arteko zubilana egin nahi dutela dio: "Bai sortzaileak eta baita herritarrak ere motibatu nahi ditugu. Bertako idazleengana gerturatzera, galdetzera eta bertatik bertara ezagutzera animatu nahi dugu publikoa. Idazleen artean taldetxo bat badugu, eta oso lagungarria da; izan ere, zerbait argitaratzea nahi baduzu, horiek ere laguntzen zaituzte".

Sei sortzaile

Askotariko esparruetan jarduten duten bertako sei sortzaile gonbidatu dituzte aurten: "Aurten gonbidatutako sortzaileen profila oso zabala da: historialaria, musikan iaioa den kazetaria, sariak jaso dituen idazlea, nobela idatzi duen irakaslea... Herritar askorendako erakargarria izango dela deritzogu". Aurpegi ezagunen alde ere egin nahi izan dutela aitortu du: "Iker Barandiaran, esaterako, oso aurpegi ezaguna da, eta jende asko erakartzen du; Arantza Otaduyk ere askok jarraitzen duten bloga dauka...". Hain zuzen ere, ekitaldira joa- ten den publikoak herriko idazleak ezagutuko ditu, artearen magiaz gozatzen duen bitartean. Gainera, sortzaileen idatziak irudi bihurtuko ditu zuzenean Jokin Mitxelena ilustratzaile donostiar ezagunak. Gainontzeko bost sortzaileak honako hauek dira: Marian Porcel kazetaria eta zinema eta telebistarako gidoilaria eta editorea. Betidanik idatzi du, eta, egun, literaturari eskaintzen dio bere energia. Iker Barandiaran kazetari, idazle eta musikazalea. Egunkaria, Gara, Putz, El tubo aldizkarietan, beste askoren artean, jardundakoa; egun, Artemaneko kazetaria da. Arantza Otaduy, aldiz, arte historialaria da eta Debagoiena eta bere historia ezagutaraztea da haren helburuetako bat. FeelEuskadi webgunearen sortzailea ere bada.

Bestalde, Maria Oses gazte sortzaileak aurten bukatuko ditu itzulpengintza eta interpretazio ikasketak. Txikitatik izan du literaturarekiko zaletasuna, eta formatu askotan jorratu du zaletasun hori: poesia eta prosa idatzi izan ditu. Astrapala podcast-aren sortzailea da. Azkenik, Eneko Barberena euskal idazlea. Zuzenbidean lizentziatua, bost liburu eta hainbat ipuin labur argitaratu ditu. (H)ilbeltza beka irabazi berri du (2021) Xukuneatik aldendu ahala liburua idazteko. Kulturateko jardunaldian, sinatutako liburuak eskuratzeko aukera izango dute ikusleek bertatik bertara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak