Onditz Iturbek eta Gontzal Murgoitiok Arrasate-Udalatxeko errekorrak ondu dituzte

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko api. 10a, 15:34

Arrasate-Udalatx lasterketako seigarren edizioan nagusi izan dira Onditz Iturbe eta Gontzal Murgoitio. Irteera puntuan eurak ziren garaipenerako faborito, eta ez dute kalerik egin. Are gehiago, aurretik Oihana Azkorbebeitiak eta Asier Larruzeak zuten errekorra ondu dute. Bihar, astelehena, Harmailatik saioak lasterketaren nondik norako denak erakutsiko ditu (21:30).

Izugarria izan da Arrasate-Udalatx mendi lasterketaren seigarren edizioak eman duena. Eguraldia lagun, jende asko batu da ibilbideko zenbait lekutan, eta mendi lasterkariek neurria eman dute. Esaterako, irabazleek bai emakumezkoetan eta baita gizonezkoetan ere orain arteko errekorrak ondu dituzte.

Gontzal Murgoitio, indartsu

Plazako helmugara lehenengo iritsi dena Gontzal Murgoitio elorrioarra izan da. Orain arte Asier Larruzeak zuen  zuen errekorra –1.47.37– ondu du, 1.47.22ko denbora eginda. Lasterketaren buruan izan da hasieratik: "Udalaraino bost laguneko taldetxoan joan gara, baina oso indartsu nengoela ikusi dut eta Udalaitzera igotzen erritmoa gogortu dut". Hala, elorrioarra aurrean izan da lasterketa guztian zehar.

Udalatik Udalaitzerako zatia 21 minutu eta 26 segundotan egin du.

Onditz Iturbe, arerio gabe

Emakumezkoetan Onditz Iturbek ez du areriorik izan. Hasieratik jarri da lasterketaren buruan, eta atzean utzi ditu Oihana Azkorbebeitia eta Malen Osa. Onditzek, gainera, Azkorbebeitiaren errekorra –2.11.06– ondu du 2.07.32ko denbora eginda.

Onditzek 25 minutu eta 24 segundotan egin du Udalatik Udalaitzerako zatia.

Arrasatear onenak

Atzetik aurrera etorrita lasterketa bikaina egin du Aritz Kortabarria arrasatearrak. Bada, hirugarren postua eskuratzeaz gain arrasatear onenaren saria ere eroan du Kortabarriak. Emakumezkoen sailean, arrasatear onena Ane Zabala izan da, 2.35.05 denborarekin.

Podiuma osatu dutenak

Emakumezkoetan, podiuma osatu dute Oihana Azkorbebeitiak –2.11.17– eta Malen Osa oñatiarrak –2.13.31–. Udalaitzeko tontorrera Azkorbebeitia iritsi da lehenengo; baina, beherantz oso ondo dabil Osa eta aurre hartu dio Besaidera iritsi orduko. Azkeneko kilometroetan, oñatiarra jausi egin da eta Azkorbebeitiak lortu du bigarren postua.

Gizonezkoetan Asier Larruzea iritsi da bigarren –1.50.13– eta hirugarren egin du Aritz Kortabarriak –1.54.37–.

Beteranoen sailean, Oihana Azkorbebeitiak irabazi du emakumezkoen saria eta Unai Intxaurragak gizonezkoena.

Behin betiko sailkapenak hemen ikus daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak