'Bizi arteko kartzela zigorraren' aurkako aldarrikapena egin du Arrasateko Sarek

Josu Bilbao Atxutegi 2022ko api. 9a, 19:33

32 urte bete ditu Unai Parotek kartzelan, eta hori dela eta, 32 urte horrek azaleratzeko 1990etik 2022ra jaiotako 32 arrasatearren bitartez irudikatu dute espetxealdia.

Biteri plazatik abiatuta manifestazioa egin dute arratsaldean, Arrasateko Sarek deituta. Leloa, Bizi arteko kartzela zigorrik ez! izan da, eta Unai Parotek espetxean daramatzan 32 urteak gogoratu nahi izan dituzte, azken 32 urteetako bakoitzean jaiotako arrasatearrekin. "Zenbat herritar jaio zaizkigun 32 urte horietan. Urtez urteko zerrendak, urtez urteko izen eta izanek erakusten digute garbien 32 urte horien tamaina", azaldu dute manifestazioa bukatu ostean.

"Sarek eta Arrasateko eragile eta norbanako ugarik bizi arteko espetxe zigorraren aukako aldarrikapena lau haizetara zabaltzen jarraitzeko beharra dagoela uste dugu. Inor mintzeko asmorik gabe, min guztiak onartuz, noski, baina iskanbila interesatuak saihestuz, eta aski dela ozen aldarrikatuz. Unairen etxeratzea giza eskubide kontua delako, ez gabiltzalako inolako espetxe onura berezirik eskatzen, legea bete dezaten baizik", adierazi dute Sareko kideek.

"Gaixo larriak askatuz, sakabanaketa eta urrunketarekin amaituz, kartzelan haurrak dituzten gurasoak elkartuz, adinean aurrera doazen presoak etxeratuz eta gradu progresioa aplikatuz. Preso eta iheslariak askatze bidean, etxeratzeko bidean  jartzeko garaia da", aldarrikatu du Arrasateko Sarek.

Manifestazioaren ostean, txalapartariek girotu dute Biteri plaza eta Olatz Salvadorrek kantu batzuk eskaini ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak