ARTk hankak lurrean mantendu nahi ditu

Xabier Urtzelai 2022ko api. 8a, 20:00
Errioxarren kontra martxoaren 12an jokatutako ligako partiduaren irudi bat, Mojategin.

Arrasateko taldeak aste barruan erabaki du Ohorezko B Mailara igotzeko fasea ez jokatzea. Maila horretan jokatzea bideragarria ez dela jakinda, ez dute fasean dirutza xahutu nahi. "Euskal Ligako 'play-off'-a dugu begiz jota", dio Barrutiak.

Askotan, zaila izaten da hankak lurrean mantentzea, eta are zailagoa kirol erronkez berba egiterakoan. Baina Arrasate Rugby Taldeko kideek garbi dute Ohorezko B Maila ez dela, orain momentuan, euren kategoria. Eta bai Euskal Liga. Hori horrela, nahiz eta erabaki zaila izan den, Ohorezko B Mailara igotzeko fasea jokatzeak zentzurik ez daukala erabaki dute aste barruan.

Hirugarren postuari esker

Arrasatekoek kategoriako lider La Unicaren kontra jokatuko dute, zapatuan, ligako azken partidua. Baina, edozer gertatzen dela ere, etxekoek hirugarren postuan amaituko dute liga, eta postu horrek Ohorezko B Mailara igotzeko fasea jokatzeko txartela eman die. Aurreratu bezala, baina, ez jokatzea erabaki dute. "Igoera fase hori, seguruenik, Lugon jokatu beharko genuke. Eta badakigu orain momentuan ez dugula Ohorezko B Mailan jokatzeko mailarik. Hori liga erdi-profesionala da, taldeek fitxaketak egiten dituzte, eta guk ez dugu horretarako aukerarik. Pentsa, biharko kontrario La Unica maila horretatik jaitsi berria da. Aurten, erraz ibili dira gure ligan, guri 40 puntuko aldearekin irabazi ziguten, eta iaz, urte osoan bi partidu baino ez zituzten irabazi. Hau errugbia da, eta maila oneko eta fisikoki indartsuagoak diren taldeen kontra jokatzea garesti ordaintzen da; besteak beste, lesioekin", adierazi du kirol zuzendari Julen Barrutiak.

Hala, Arrasatekoak aitortu du erabakia ez dela erraza izan, egunero ez da-eta halako fase bat jokatzeko aukera izaten: "Taldekideendako esperientzia polita izaten da, baina klubarendako dirutza da 28 lagun asteburu baterako Galiziara eramatea: bidaia, hotela... Ez du merezi, jakinda, gainera, fasean edozer eginda ere ez garela mailaz igoko... Diru hori hobeto erabili dezakegu klubean; esaterako, errugbi eskolan. Hau da gure lekua, Euskal Liga. Gainera, Euskal Ligako play-off-erako sailkatuta gaude, eta hori lehiatzeak motibatu egiten gaitu".

La Unicaren kontra azkena

Hain zuzen, La Unica talde gogorraren kontra agurtuko dute etxekoek liga, bihar: "Ez da liga agurtzeko kontrariorik aproposena, partidu gogorra izango da, baina Aste Santu ondoren jokatuko dugun play-off-a prestatzeko baliatuko dugu norgehiagoka".

Neskendako, urte zaila bezain emankorra

Emakumezkoen taldeak amaitu du liga, eta arrasatearrez eta ordiziarrez osatutako taldeko kideendako urte zaila izan da hau, sailkapenaren azken postuan geratzea ez da-eta inoren gustukoa izaten. "Baina askorendako lehenengo urtea izan da, asko ikasi dute eta jokalarien jarrera ezin hobea izan da", adierazi du Barrutiak.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak