Arrasateko bidegorri sarea osatzen ari da, apurka. 2015ean, Arrasate pasealekuko zatia gauzatu zuen Udal Gobernuak; 2017an, Uribarriko atzealdekoa; 2020an, Araba etorbidekoa; eta aurten, Ekobulebar-a bukatu ostean, Araba etorbidea eta Gipuzkoako Foruen plaza lotuko dituen zatia egingo du, 160 metro ingurukoa.
Construcciones Egurki SL enpresak egingo ditu lan horiek, 316.566,65 eurotan esleitu ostean. Aste Santuaren ostean hasiko dira bidegorri zatia egiten, eta, aurreikuspenaren arabera, hamabost aste beharko dituzte bukatzeko. Modu horretan, 2022ko bigarren seihilekoan bukatuta egongo da bidegorri zatia. "Azpimarratzekoa da Bedoñabe Herri Eskola eta Arizmendiko Arimazubi gunea daudela inguru horretan, eta ahalbidetu gura dugu haurrek aukera izan dezatela modu seguruan eskolara joateko, oinez, bizikletan edo patinetean. Gaur egun, hori ez da posible, baina interbentzio hau egitean posible izango da", dio Maria Ubarretxena alkateak. "Hori dela eta, gura dugu datorren ikasturtea hasi baino lehen bidegorri zati hori bukatuta egotea, baina, materialekin eta stockarekin dagoen arazoa ikusita, ezin dugu ziurtatu hala izango denik. Halere, ahaleginak egingo ditugu horretarako".
Bidegurutzean, aldaketa
Alkateak adierazi du inguru horretako errepideko bidegurutze batean aldaketak egiteko baliatu gura dutela bidegorri zatia egiteko interbentzioa. Era horretan, behin obra amaitzean, Garro Jenerala eta Errebuelta kaleetara sartu-irtenak egitea posible izango da Alfontso VIII kaletik –argazkian ikusten den bidegurutzea–. Izan ere, gaur egun, Doctor Bañez kaletik eta Kurtzetxiki plazatik bakarrik iritsi daiteke kale horietara autoz.
Edozelan ere, obraren helburu nagusia, Ubarretxenaren esanetan, auzo "atseginagoa" sortzea da, "garai berrietara egokituz, oinezkoentzako eta bizikletentzako espazioak irabaziz eta trafikoa murriztuz". Era berean, ingurua berrurbanizatzeak herritarren irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetuko duela uste du.
Argiztapen egokia inguruan
Azkenik, "segurtasuna bermatzeko", argiztapen egokia gura du alkateak inguru horretan. "Eguzki-energia lortuko duten eta LED bonbillak erabiliko dituzten argi-puntuak ezarriko dituzte. Horrela, argi-kalitate hobea eta kontsumo txikiagoa lortuko da", nabarmendu du.