Futbolean oinez jokatzearen arteaz gozatu dute Mojategin

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko api. 6a, 14:42

Real Sociedad Fundazioak Walking Football ekimena abiatu du, 55 urtetik gorakoek futbolaz goza dezaten. Joan den astean hasi ziren Zubietan eta Arrasaten ere sortu dute taldea. Gaur egin dute lehen entrenamendua, Mojategin, eta ekainaren 22ra arte eguaztenero egingo dituzte saioak, 11:00etatik 12:30era. Izen-ematea zabalik da.

55 urtetik gorakoei beste kirol aukera bat eskaintzea da ekimenaren helburua, Markel Perez entrenatzaile arrasatearrak azaldu duenez. "Futbola kirol gogokoa da gurean eta parte-hartzaileendako aproposa da. Ariketa ludikoak egiten ditugu, futbolarekin erlazionatutakoak, betiere. Adina kontuan izanik, baldintza seguruetan eta osasuntsuetan egin ahal izateko, arau batzuk aldatu egiten dira. Esaterako, korrika ezin da egin, kontaktua saihestu behar da eta buruarekin ezin da baloia jo", nabarmendu du.

Bi talde sortu dituzte Gipuzkoan: Zubietakoa bata, eta Arrasatekoa bestea. Bigarren hori eguaztenero elkartuko da Mojategin, ekainaren 22ra arte (apirilaren 20an izan ezik, Pazko Astea dela eta). Perezek aitortu duenez, askotariko profilak dituzte taldean, hau da, futbolean jokatu izan dutenak eta inoiz jokatu ez dutenak. "Dena den, bagenekien hori pasa zitekeela, eta saiatzen gara guztien neurrira egiten eta guztiek ondo pasa dezaten".

Gorriz eta Loinaz, gonbidatu bereziak

Alberto Gorriz eta Mikel Loinaz Realeko jokalari ohiak ere izan dira lehen saioan, gonbidatu berezi moduan, entrenamenduei hasiera emateko. "Esperientzia berria da eta jende berria ezagutzea ere beti da aberasgarria. Guk ere, kirol apur bat egiteaz gain, barre batzuk egiten ditugu, eta hori da inportanteena. Ikusiko dugu ea jende gehiago animatzen den; merezi du", dio Gorrizek.

Alberto Gorriz eta Mikel Loinaz, Mojategin.

Loinazek aitortu du haiendako ere desberdina dela jarduera. "Baina oso gustura ari gara, eta gainontzeko parte-hartzaileak ere pozik ikusten ditugu. Azken batean, hori da helburua, ondo pasatzea eta giro osasuntsu batez gozatzea. Beharrezkoa da erretiroa hartuta dutenentzat halako ekimenak sortzea, aisialdirako beste aukera bat eskaintzen dietelako". 

Izen-ematea zabalik da

Dagoeneko lehen saioa egin badute ere, izena emateko aukera dago oraindik, Musakolako kiroldegian galdetegi bat beteta edo Real Sociedad Fundazioarekin harremanetan jarrita, fundazioa@fundazioa.realsociedad.eus helbidean edo 943 46 28 33 telefonoan.

Hasiera besterik ez dela azpimarratu du Perezek, eta gura dutena dela jendea pixkanaka kirol hori praktikatzen hasi ahal izatea. "Denboraldi amaieran, Arrasateko eta Donostiako taldeak elkartu eta jardunaldi bat egitea da asmoa". Oraingoz, ez dute aurreikusten txapelketarik egiterik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak