Dena gertu domekako Arrasate-Udalatx lasterketarako

Xabier Urtzelai 2022ko api. 5a, 19:10

Mondraitz taldeko lagunek domekan egingo duten Arrasate-Udalatx lasterketaren seigarren edizioa aurkeztu berri dute. Ibilbidean aldaketa txikiren bat egongo da, eta plazan jarriko duten pantaila erraldoian lasterketako tarte batzuk zuzenean ikusi ahal izango dira. Gainera, faboritoen artean debagoiendarrak daude.  

Bi urteko hutsunearen ondoren, domekan normaltasunarekin bueltatuko da Arrasate-Udalatx lasterketa. Mondraitzekoek gaur aurkeztu dute proba, Hamalau tabernan, eta zenbait nobedaderen berri eman dute. Hasteko, Udalatxeko tontorrean jartzen duten anoa postua kilometro bat beherago egongo da, alegia, Udalatx eta Besaide artean: "Tontorrean asistentzia eta segurtasun neurriak bere horretan mantenduko dira, baina edozein baldintza klimatikoren aurrean egokiagoa den kokalekura pasako da. Honela, anoa postua jaitsierako amaiera puntura mugituko da. Honetaz gain, eta lasterkariari ibilbide egoki eta ederrago bat eskaintzeko helburuarekin, 18.Km-an Udalatik Arrasatera doan tartean, ibilbideak moldaketa txiki bat jasango du. Aldaketa honek, ordea, ez du lasterketako luzera zein gora-behera metatuan eragin handirik izango", adierazi dute antolatzaileek.

Zuzeneko emanaldia plazan, eta astelehenean saio berezia Goiena telebistan

Beste nobedadeetako bat da, aurrenekoz, eta baldintza metereologiak eragozten ez badute, Arrasate Udalatx lasterketako irudiak zuzenean ikusteko aukera izango dela, plazan bertan jarriko duten pantaila erraldoian. "Lasterketa osoaren jarraipen zehatza egiteko aukera ez badago ere, puntu ezberdinak zuzenean ikusteko aukera izango da. Lasterketa eta Mondraitz Kirol Klubeko sare sozialen bidez ere online ikusteko estekak
partekatuko dira". Bestalde, lasterketaren nondik norako guztiak astelehenean erakutsiko ditu Goiena telebistak, Harmailatik saioan (21:30)

350 dortsal salduta, 211 Debagoienekoak

Aurreko edizioetan gertatu den bezela, Arrasate Udalatx lasterketak berriro ere dortsal guztiak ordu gutxitan agortu zituen otsaila hasieran eta domekan 350 korrikalari daude deituak irteera puntura. "Azpimarratzekoa 211 lasterkari bailarakoak izango direla, eta hortik 128 arrasatearrak". Alegia, parte-hartzaileen %60a da bailarakoa, eta gainontzeko gehienak Euskal Herriko lasterkariak dira: "Baina nabarmentzekoa da lasterketak hemendik kanpo duen oihartzunari esker, Bartzelona, Girona, Albacete, Madrid, Burgos, Errioxa edo Zaragozako lasterkariak ere izango ditugula".

Faboritoen zerrenda luzea

Lasterketa irabaztera deituak dauden izenen artean, emakumezkoen artean 3 edizioetan txapela janztea lortu duen Oihana Azkorbebeitia izango da irteeran. "Dena den, Onditz Iturbe, Andrea Garai eta bailarako Ainara Urrutia, Ainara Uribarri edo Malen Osa garaipeneko lehian ibiliko direla espero dugu". Gizonezkoen artean, aurreko edizioetan Arrasaten txapela janztea lortu duten Asier Larruzea eta Aitor Ajuria izango dira. "Eta horiekin batera, garaipenerako lehian Gontzal Murgoitio, Julen Martinez de Estibariz eta bailarako, Xabier Lete eta Aritz Kortabarria aurreikusten dira". Irabazleak, emakumezko zein gizonezkoen kasuan, txapela, garaikurra eta 400 euroko saria eramango ditu. Horretaz gain, eta urtero bezela, beteranoen kategoriako saria ere izango da emakumezko eta gizonezkoen kasuan. Eta azkenik, antolakuntzarako berezia den Joseba Iglesias saria izango da, Udala eta Udalatx tontorreko igoera azkarren egiten duten emakumezko eta gizonezkoarentzako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak