Nabarmendu dute azken urteetako mobilizazio handien argazkia errepikatzeko momentua dela, eta Sareren aldarrikapenak ez direla aldatu: "Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea eskatuko dugu, artatzea senideen babes eta konfiantzazko medikuarekin egin ahal izateko", diote. "Sakabanaketa eta urrunketa amaitu behar da eta preso guztiak Euskal Herriko kartzeletan egon behar dira etxekoengandik gertu".
Halaber, kartzelan haurrak dituzten gurasoek elkarrekin egoteko eskubidea dutela ere azpimarratu dute eta adinean aurrera doazen presoak etxean egon behar direla ere bai, "euren osasuna zaindu ahal izateko". Azkenik, euskal preso guztiek gradu progresioa izateko eskubidea dutela adierazi dute.
Esan moduan, 18:00etan Biteri plazatik abiatuko da manifestazioa eta, ostean, txalapartariek eta Olatz Salvadorrek girotuko dute arratsaldea.
