Alex Azkarate: "Jendeak ez daki noiz joan podologoarenera"

Jone Olabarria 2022ko api. 1a, 11:46

Alex Azkarate, lanerako tresnekin, Arrasateko Munar plazan duen kontsultan.

Herritarrak kontsultara minez sartu eta normal-normal, inongo eragozpenik gabe, oinez irteten direla ikustea bereziki baloratzen du Azkarate podologoak bere lanean

Orain dela 25 urte ireki zuen kontsulta Arrasaten Alex Azkarate podologoak. Orduan "ezezagun samarra" zen lana dela aitortu duen arren, gaur egun herritarrak podologiaren garrantziaz kontzientziatuta daudela uste du Azkaratek.

Gure gorputzaren zaintzan, atal ahaztuetako bat dira oinak?

Negozioa zabaldu nuenetik, hasiera-hasieratik izan ditut pazienteak eta oso eskertuta nago horregatik. Ahaztua baino gehiago, jendeak, askotan, ez daki zehazki zein lan egiten ditugun, edo zein kasutan tratatu minen bat podologoarenean; azal kontuekin eta azazkalekin gertatzen da, orokorrean.

Nolatan podologo?

Bartzelonan ikasi nuen, duela hogeita bost urte baino gehiago. Orduan, Sevillan, Madrilen eta Bartzelonan baino ezin zen ikasi. Ordura arte, normalean, erizainek ikastaro bat egiten zuten podologo lanak egiteko. Gure belaunaldi ingurutik aurrera, osatu egin zen profesioa.

Zeintzuk izaten dira gaitz ohikoenak?

Denetik dago, baina, gehienbat, azazkalak, oinetako gogorguneak eta maskurrak konpontzea eta plantillak eta kirurgiak egitea pazienteei.

Zer da zure lanaren onena?

Onena da jendeari berehalako konponbide eta hobekuntza eman ahal izatea: minarekin datoz eta minik gabe doaz.

Eta okerrena?

Okerrena, aldiz, ezin duzunean diagnostiko zehatzik eman, edo pazienteak ez dituenean jarraibideak betetzen.

Askotan gertatzen da kasurik ez egitea? Burugogorrak gara?

15 urteko bati ezin diozu esan, esaterako, ezin dela futbolean aritu. Jakin behar duzu neurtzen. Baina badira belauna oso gaizki edukita ere, eta bost podologok eta bi traumatologok esan ostean, burugogorrak izan eta mendira joaten jarraitzen dutenak. Edo zapata mota jakin bat ez erabiltzeko esan eta horrekin jarraitzen dutenak. Nik, esaterako, askotan esaten diot amamari zapata estuagoak erabili behar dituela, baina alferrik da, dituenekin gustura dabilela esaten dit.

Zure kontsultaz gain, Eibar futbol taldeko podologoa ere bazara...

Bai, urte asko daramatzat bertan ere; ni joaten naiz edo jokalariak etortzen zaizkit hona. Azken batean, futbolarientzat euren lan-tresnak dira oinak.

Kirolariez gain, zeintzuk dira zure paziente ohikoenak?

Ba, egia esanda, denetik dugu. Gurasoak ere geroz eta gehiago arduratzen dira haurren oinekin eta zapaltzeko moduarekin, eta kontsultara etortzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak