Iaz haizeteak eragindako alarma egoerak zapuztu zuen tokiko emakume artisau eta ekoizleen produktuak Seber Altube plazara ateratzea, eta duela bi urte, pandemiak. Beraz, irrika handiarekin agertu dira goizeko lehen orduan gehien bat arrasatearrak diren emakumeak, urtean zehar euren eskuz egiten dituzten lanak herritarrei erakutsi eta saltzeko. Eguraldi ona lagun, interesa piztu dute eskaintza berezi hauek, mugimendu handia egon baita goiz osoan zehar.
Ohi bezala, ekitaldia girotzeko saioak ere egin dituzte. Aurten, Agurtzane Telleria hula hoop sortzaile eta akrobatak hiru ikuskizun eskaini ditu, uztaia eta gorputza mugituta ikusleen harridura sortuz.
Datorren asteburuan, "deskolonizazio ariketa"
Emakumearen egunaren bueltan antolatutako hilabete osoko egitarau oparoa oraindik ez da amaitu. Martxoaren 31tik apirilaren 7ra bitartean Almendra Sheira Castillo Rurru Mi Panochia artistak Tazoltéotl, plazeraren eta pasioaren jainkosa izeneko erakusketa irekiko du Emakume Txokoan. Ekintza osagarri modura, artista mexikarrak mural bat marraztuko du zuzenean datorren eguenean; bariku eta zapatuan, ostera, tailerrak eskainiko ditu, lehenengoa publiko zabalari begira, eta bigarrena emakume migratuen guneari eskainia.