2019an ospatu ziren azkenengoz ohiko jaiak San Andresen. Azken bi urteotan keinu xumeak egin dizkiete auzotarrek festei, baina pilaketa masiboak saihestuz. Jai batzordeak osasun egoera hobetu izanaren abagunea aprobetxatu eta pandemia aurreko antza izango duen egitaraua prestatzen dihardu asteotan.
Apirilaren 30a, zapatua, izango da egun potoloa. Herri bazkarirako menua honakoa izango da: patea eta urdaiazpikoa, orri-mami beteak onddo saltsan, rissoto di la mama, oilasko izterrak saltsan, goxua edo sorbetea, edaria kafea eta kopa; guztia 22 euroren prezioan. Eta haurrendako, 12 euroren truke, makarroiak, hanburgesak patatekin, postrea eta edaria. Otordurako txartelak San Andresko 11 tabernatan daude salgai.
Tripa ondo bete ostean, kontzertu indartsua egongo da denen gozamenerako. Aurten, Reincidentes banda sevillar mitikoa gonbidatu dute. Beraien alboan izango dira Dientes de Luna rock talde gernikarreko musikariak.