Otsailean, Arrasateko Euzko Alderdi Jeltzaleak bere Uri Buru Batzarra berritu zuen eta lehen aldiz emakume bat aukeratu zuen asanblada nagusiak lehendakari gisa; aho batez, gainera: Agurne Juldain Alcalde. "EAJk, etorkizuna bermatu nahian, haize berria ekarri gura izan du, emakume gazte batekin. Ikusten dugu bidegurutze batean gaudela, paradigma berrietara egokitu beharra dugula, eta norabide honen alde egin dugu", adierazi du Maria Ubarretxenak.
Juldain Arrasaten jaio zen, 1979ko uztailaren 9an. Psikologian lizentziaduna da, eta 3 urteko alaba dauka. Egun, Sarea Fundazioak kudeatzen duen eta Caritasen proiektua den Bidean Heziketa Zentroan lan egiten du, bertako arduradun. "Hainbat urte daramatzat alderdikide izaten. Aukera sortu zait eta momentu ona iruditu zait. Beraz, ilusioz hartzen dut erronka berri hau. Arrasate atsegin, eroso, polit eta jasangarri baten alde lan egitera nator", azaldu du. "Gobernuan dauden alderdikideak lan itzela egiten ari dira eta horrek gehiago motibatzen nau". Alderdiaren "estrategia politikoaz" arduratuko da Juldain.
Adierazi dutenez, Arrasateko EAJk "gertutik" jarraituko du Entzunez Eraiki EAJ-PNVk abian jarri duen entzuketa aktiboko prozesua, "euskal gizartearen eskutik Euskadiren etorkizunerako proiektua eraikitzera begira".