Arrasateko EH Bilduk babesa adierazi die Aita Menniko langileei

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mar. 24a, 14:12

Aita Menniko langileak, otsaileko osoko bilkuran.

Aita Menniko langileei babesa adierazteko idatzi bat kaleratu du Arrasateko EH Bilduk, bihar Herriko Plazan egingo duten manifestazioari atxikimendua erakutsiz. "Noiz arte itxaron beharko dute arrasatear hauek euren herriko alkateak telefonoa hartu eta bitarteko lanak egiteko bere burua eskainiz dei bat egiteko?", dio koalizioaren idatziak.

EH Bilduren idatzia osorik:

Badira jada 4 urte, 2018 urteaz geroztik, Aita Menni Ospitaleko langileek, euren lan baldintzen eta pazienteen zaintzaren alde, borrokan dihardutela. Mobilizazioez aparte, 23 greba egun aurrera eraman dituzte, horrek euren egunerokotasunean eragiten dien kaltea areagotuz. Beraz, hortik ondorioztatu daiteke greba ez dela kapritxo huts bat, bateren batek leporatzen dien moduan, baizik eta lan baldintza DUIN batzuen beharraren aldeko apustua.

Askotan ikusi ditugu bertako langileak herriko kaleetan zehar euren aldarrikapenak bozgorailuetatik garraisika. Beste askotan, Aita Menniren egoitzan, Eusko legebiltzarraren aurrean, gure herriko plazan edota udaletxeko Udalbatzan, euren arazoak azaldu eta herriko hautetsien laguntza eskatuz, bitartekaritza egin dezagun langile eta gaixoen egoerari irtenbide bat emateko.

Aita Menni ospitale "pribatua" izan arren, Osakidetzak ematen ez dituen hainbat zerbitzu eskaintzen ditu eta, ondorioz, diru publikoz hornitzen du Jaurlaritzak, Osakidetzak dituen gabeziak betetzeko. Hala, urtero 12 milioi € pasatxo, gehi Foru Aldundietatik paziente
bakoitzeko/eguneko milaka eta milaka euro, jasotzen dituen erakunde batek neurri batean funtzio publikoa betetzen duela uste dugu.

Enpresako langile ordezkariak 2022ko otsailean etorri ziren azkenekoz Arrasateko Udalbatzara, Udalaren laguntza eskatzeko. Zehazki, eskatzen zutena zen Udalak, enpresarekin eztabaida kanalak ireki eta enpresa eta langileen artean bitarteri eta erreztatzaile papera jokatu zezala. Arrasatear askoz osaturiko langilegoa da Aita Menni ospitalekoa, lan, bizi, gozatu, sufritu eta bere zergak ordaindu, Arrasaten egiten duten langileak. Halere, egun horretan, udaletxeko atea jo zutenean, EAJk eta PSEk beste aldera begiratu zuten, inongo apaltasun, elkartasun eta lotsarik gabe, enpresa pribatu baten aferetan ez dutela ezer egiterik esanez.

Beste 2 hilabete igaro dira ordutik eta lan gatazkak bere horretan jarraitzen du. Aste honetan bertan bost greba egun gehiago batuz, 23ra iritsi arte. Noiz arte itxaron beharko dute arrasatear hauek euren herriko alkateak telefonoa hartu eta bitarteko lanak egiteko bere burua eskainiz dei bat egiteko?

Bitartean, gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu langileei lerro hauen bitartez. Eta, bide batez, bihar, martxoaren 25ean, goizeko 11etan eta Herriko Plazan, egingo duten manifestazioari gure atxikimendua eman.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak