Iritzi eta ekintza trukea, Aita Menniko negoziazio mahaian akordiorik lortu ez ostean

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 21a, 12:19

Aita Menniko hainbat langilek egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzeetako bat. (Argazkia: ELA)

Martxoaren 16an hamaikagarren aldiz eseri ziren negoziazio mahaian Aita Menniko zuzendaritza eta Enpresa Batzordea –ELA sindikatuak du ordezkaritza nagusia–. Ez zuten akordiorik lortu; ondorioz, iritzi eta ekintza trukea etorri da. Negoziaketari "uko egin" izana salatu du enpresak; lanuzteak deitu ditu, berriz, sindikatuak.

Hamaikagarren aldiz eseri ziren negoziazio mahaian Aita Menniko zuzendaritza eta Enpresa Batzordea iragan eguaztenean, martxoaren 16an. Langileen lan-hitzarmena dago eztabaidaren muinean, bai eguneroko jardunari dagozkion aferak (kontratuak, baimenak, eta lan orduak, besteak beste), baita soldaten igoerak ere.

Oraingoan ere ez zuten bi aldeek adostasunera heltzea lortu, eta iritzi eta ekintza trukea etorri da.

Iragarpena eguenean

ELA sindikatuak martxoaren 17an bost greba egun deitu zituen aste honetarako. Negoziazioak "aurrerapausorik gabe" bukatu zirela adierazi zuen sindikatuak: "zuzendaritzak ez du eduki zehatzik proposatu, eta lan baldintzak hobetu gabe jarraitzen dute". "Beste aukerarik" izan ez dutela iritzita, gaurtik egubakoitzera egingo dituzte mobilizazioak; 23 greba egun egin dituzte gatazka hasi zenetik.

Kotxe-karabana eta kontzentrazioa egingo dituzte martitzenean; Uribetik hasi eta ospitalera arteko oinezko martxa eta elkarretaratzea eguaztenean; eguenean Eusko Legebiltzarraren aurrera eramango dute aldarria; eta egubakoitzean, aldiz, manifestazioa egingo dute goizeko 11:00etan, Arrasateko plazatik abiatuta.

Erantzuna egubakoitzean

Egun bat geroago etorri zen Aita Menniko zuzendaritzaren erantzuna. Prentsa ohar bidez sindikatuak "negoziazioari uko egin eta aktibismoaren aldeko apustua" egin izana gaitzetsi zuten, eta "proposamen berriak" ez onartzetik harago, ELAren lan-moldeak jarri dituzte zalantzan. Enpresak dioenez, sindikatuak ez zuen langileen batzarra deitu negoziazio mahaiaren ostean, eta lanuzteak egitearen erabakia aldebakarrez hartu zuen; hots, langileei "enpresaren proposamena" zein "mobilizazioak egiteko nahia" helarazi ez izana leporatu diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak