TAO ezartzea gura duten erabakiko dute Erguingo auzotarrek

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mar. 15a, 13:17
Andoni Altzelai eta Consuelo Zugasti, botoa ematen, Uribarriko Jubilatuen Etxean.

Erguingo auzo-alkatetzak adierazi duenez, TAO sistema ezartzeko eskaera asko jaso dituzte auzotarrengandik eta galdeketa bat egitea erabaki dute, "bizilagunak sistema ezartzearen alde edo kontra dauden ikusteko". Martxoaren 31ra arte egongo da botoa emateko aukera eta, ostean, emaitzak udaletxean aurkeztuko dituzte.

"TAO sistema martxan jartzearekin batera, konturatu ginen Erguingo aparkalekuak erabat bete zirela eta arazo handiak sortu zituela auzoan. Gainera, unibertsitateko ikasle askok aste osoan edukitzen dute aparkatuta haien autoa, unibertsitate inguruan TAO dagoelako. Beraz, geroz eta zailagoa da Erguinen aparkatzea eta, horren ondorioz, auzotar asko etorri zaizkigu kexaka. Udalarekin harremanetan jarri ginen, arazo honi konponbidea bilatu guran, eta bide horretan, galdeketa hau egitea erabaki dugu", azaldu du Andoni Altzelai Erguingo auzo-alkateak.

Galdeketa auzo osoan egingo duten arren, kalez kale ateratako emaitzak bereizi egingo dituzte. "Hau da, kale batean baiezkoa atera daiteke eta beste batean, ezezkoa. Guk kale bakoitzaren erabakia hartuko dugu kontuan eta horren arabera egingo dugu eskaera udaletxean", dio Altzelaik. Gehiengo sinplea hartuko dute kontuan eta boto bateko aldea nahikoa izango da baiezkoa edo ezezkoa izateko.

Honako hauek dira kaleak: Itxaropena, Uriburu, Erguin, Elizalde, Udalpe, Anboto, Jauregibarria, Kalealdea, Larragain, Etxeazpia, Olaran, Etxoste eta Maitena.

Altzelaik gaineratu du Uriburuko hainbat auzotar elkartu eta BAZen egin zutela eskaera haien kalean TAO ezartzeko. "Hala ere, oraingo galdeketan ere sartzen dira Uriburuko bizilagunak".

Etxebizitza bakoitzeko, boto bat

Arrasateko auzorik handiena da Erguin. 2.200 etxebizitza inguru daude eta etxebizitza bakoitzak boto bat edukiko du, nahiz eta jende gehiago bizi. Galdetegia etxez etxe banatu dute dagoeneko eta honako datu hauek eman beharko dira botoa emateko: izen-abizenak, NANa, kalearen izena, ataria, solairua eta letra eta TAO Erguinen jartzearen alde edo kontra.

Uribarriko Jubilatuen Etxean jarri duten postontzian entregatu beharko da papera, martxoaren 31a baino lehen. Halaber, kontaketa egiteko hainbat auzotarren laguntza beharko dutela aurreratu dute. 

Dagoeneko hasi dira botoa ematen eta auzo-alkateak azpimarratu duenez, "gehien-gehienak" TAO sistema ezartzearen alde daude. "Edozelan ere, badaude sistema auzoan ezartzearen aurka daudenak ere. Ikusi egin beharko dugu auzotarrek ze iritzi daukaten; horretarako da galdeketa". 

Bide batez, TAO ezartzen bada, "ahalegin guztiak" egingo dituzte egoiliarrek eta komertzioek bermatuta izan dezaten haien lekua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak