
Debagoieneko Mankomunitatea kezkatuta
Debagoieneko Mankomunitateak hain zuzen ere astean jakinarazi du prentsa-ohar bidez abenduaren 23tik martxoaren 2ra bitartean 47 edukiontzi erre dituztela bailaran: 32 Aretxabaletan, hamar Arrasaten eta bost Eskoriatzan. Eta edukiontzi horien kostuaren berri ere eman dute: 52.500 euro. Kopuru horretan ez dituzte sartu suhiltzaileen lanak, edukiontzi berriak jartzeko lanak, garbiketak...
Horren aurrean kezka adierazi dute Mankomunitateko ordezkariek: "Egoera ulergaitza egiten zaigu Debagoieneko Mankomunitatea osatzen dugun denoi, ez diogu inolako zentzurik ikusten, eta kezka handiz bizi dugu. Kezkaz, suteek, edukiontziaz gain, aparkatutako ibilgailuak eta inguruko eraikinak ere kaltetu izan dituztelako, eta pertsonen osasuna ere arriskuan jartzen dutelako. Kezkaz, egileen osasuna ere arriskuan egon daitekeelako, eta, noizbait norbait harrapatzen badute, duda barik ondorio penalak izango dituelako".
Eta horiek ez errepikatzeko deia egin dute: "Suteek dituzten ondorioak ikusita eta sor ditzaketen kalteak ikusita, berriro horrelakorik ez errepikatzeko eskatu nahi dugu".
