Dinamizatzailea Arrasateko Euskaraldiaren eragile nagusia izango da. Hortaz, honakoak izango dira bete beharreko oinarrizko lanak eta funtzioak: Euskaraldiaren lan taldeak dinamizatzea, komunikazio lanak egitea, Euskaraldiaren inguruan antolatzen diren ekintzak kudeatzea eta antolatzea eta Euskaraldiaren nazio mailako foroetan parte hartzea.
Dinamizatzaileak euskara maila egokia izan beharko du, idatziz zein ahoz eta jendaurrean egoteko, jendearekin harremanak egiteko eta taldeak dinamizatzeko gaitasuna ere beharko du. Horrez gain, eragiteko gaitasuna ere eskatuko zaio, "ekimena herrian zabaldu eta ekimenera jendea erakartzeko abilezia", hain zuzen. Halaber, kudeaketarako gaitasuna, lanerako autonomia maila altua eta ordutegi malgutasuna ere beharko du. Azkenik, arrasatearra izan beharko da, edo Arrasateko errealitate soziala ezagutu beharko du.
Era berean, positiboki baloratuko dute herriko elkarte sarearen zein gizarte/kultura mugimenduaren errealitatearen ezagutza; euskalgintzan esperientzia izatea; komunikazio alorreko ezagutza (sare sozialak, bideoen sorrera, webguneen kudeaketa…); gidabaimena eta ibilgailu propioa izatea eta langabezian egotea.
Eskaintzari dagokionez, sei orduko lanaldia izango da. Hala ere, ordutegia aldakorra izan daiteke eta malgutasuna eskatzen du. 2022ko apirilaren 25etik abenduaren 31ra iraungo du lanaldiak eta AED izango da lantokia. Horrekin batera, "Euskaraldia proiektuari bultzada emateko eta euskalgintzan trebatzeko aukera" eskainiko du lanaldiak.
Lan eskaintza abian da gaurtik eta aurkezteko azken eguna martxoaren 20a izango da, domeka. Aurkeztu beharreko dokumentua, berriz, curriculuma izango da, aed@aedelkartea.eus helbidera bidaliz. Idatzizko probak eta elkarrizketak martxoaren 23tik 30era bitartean egingo dituzte.
Informazio gehiago behar izanez gero, idatzi aed@aedelkartea.eus helbidera edo deitu 943 77 12 28 telefonora.