Gobernuak azaldu duenez, hamabost urtetik gora dituzten parkeak dira biak, eta "eraberritze sakona" behar dute. Uribeko parkeak 375 metro koadro ditu eta Legarrakoak 745. Proiektatutako aukerak 27 dira: hamahiru Uribe auzoarentzat eta hamalau Legarra plazarentzat. "Proposamen guztiek dibertsitate funtzionala duten pertsonei egokitutako elementuak dituzte", gaineratu du Gobernuak.
Astelehenetik aurrera
Bozkatzeko epea astelehenean hasiko da, martxoaren 7an, eta martxoaren 20ra arte egongo da zabalik. Era berean, parkeen diseinu-proposamenen maketak ikusgai egongo dira udal webgunean eta bozketa guneetan. 16 urte edo gehiago dituzten arrasatear guztiek bozkatu ahal izango dute.
Botoa emateko hainbat bide egongo dira: aurrez aurre, BAZen, Iturripen eta San Isidro Jubilatuen Elkartean, eta online www.arrasate.eus webgunean. "Herriko txikienek ere bozkatu ahal izango dute, baina ikastetxeetan. Ikasgela bakoitzak parte hartzeko prestatutako inprimakia beteko du".
Udal Gobernuaren helburua da apirilean bi parkeak eraberritzeko obraren lizitazio-prozesua abian jartzea eta 2022ko bigarren seihilekoan gauzatzea hobekuntza lanak.