12:00etan elkarretaratzea egin da Arrasateko plazan, Ukrainari elkartasuna adierazteko. Gerraren kontrako aldarriak eta bakearen aldeko mezuak eraman dituzte herritarrek, eta baita bandera ukrainarrak ere.
Udaleko ordezkariez eta arrasatearrez gain, jatorri ukrainarreko bi emakume ere izan dira elkarretaratzean: Tania Sirosh eta Victoria Skotnytska. Han dituzte senitarteko batzuk; borrokan, ezkutatuta eta baita Euskal Herrira bidean ere.
Azaldu dute egun "gogorrak" izaten ari direla, baina "harro" daudela beraien herrialdeaz eta ukrainarrek erakutsi duten ausardiaz. "Espero dugu laster bukatzea, eta denok batera ospatzea gure herrialdearen askatasuna", adierazi dute.
Laguntza eskaintzeko, hainbat modu
Victoria Skotnytskak azaldu du herritarrek aukera ugari dituztela Ukrainako herritarrei laguntzeko. "Ihesi datozen horiei gure ateak zabaltzea izan daiteke aukera bat, baina baita behar ez ditugun arropak, pardelak edota janaria batzea ere". Gehitu dute laguntzeko prest dauden herritarrak Caritas, Arrasateko Emakume Txokoa, Gurutze Gorria eta Eusko Jaurlaritzarekin jar daitezkeela harremanetan.
Horrez gain, Eroskik ere kanpaina bat abiatu du. Bezeroek aukera izango dute borondatea emateko ordainlekutik pasatzean, eta batutako dirua haur eta familia kaltetuentzat bideratuko da, Unicef elkartearen bitartez. Horrez gain, Eroskik jakinarazi du ekarpen gehigarri bat egingo duela.