Tabirakok eskuratu du Euskal Kopa MU baino gehiago izan ostean (67-64)

Josu Bilbao Atxutegi 2022ko ots. 27a, 15:22

Azken segundora arte borrokatu dute Ointxe taldeko gazteek, baina bost segundoren faltan hiruko erabakigarriarekin ez dute asmatu eta kopa Durangoko taldeak lortu du.

Euskal Kopako finala jokatu dute MU Ointxek eta Tabirakok Iturripen, eta markagailuan aurretik partida osoan joan ostean, garaipena bizkaitarrek erdietsi dute (67-64). Hala ere, Ointxeko gazteek maila polita erakutsi dute, esperientzia handiagoa duen talde baten aurka.

Hasiera traketsa izan du MUk kantxan. Lehenengo laurdenean hotz irten dira kantxara zuri-moreak, eta Tabirakok ez du erasoan barkatu (10-6). Erasoan ere ez dira fin ibili etxekoak, eta aldea aise handitu dute durangarrek (16-6). Erasoko errebotean min handia egin dio Tabirakok MUri eta lehen laurdena 18-9koarekin bukatu da.

Bigarren laurdenean Arrasateko taldeak asmatu ezinik jarraitu du. Durangoko taldeko jokalariek euren esperientzia ederki baliatu dute, eta markagailuko aldea nabarmen handitu dute (31-12). Ointxek erantzun ona eman du 8 puntu jarraian eskuratuta, baina Durangokoek erasoan bikain jarraitu dute, eta atsedenaldi luzera, 42-27koarekin joan dira.

Atsedenaldiaren ostean, zuri-moreen erantzun bikaina etorri da. Erasoan gustura ibili dira arrasatearrak eta 44-33koa jarri ondoren, gogor sakatuta eta defentsako presioa igota, zortzi puntura gerturatu dira markagailuan (49-41). Gazteek maila polita erakutsi dute Iturripeko kantxan eta laurden erabakigarrira 54-45koarekin heldu dira bi taldeak.

Azkenengo laurdenean etorri da MUren erantzun bikaina. Hirukoak saskiratzen hasi dira etxekoak bata bestearen ondoren, eta puntu bakarrera jarri dira markagailua (60-59). Hala ere, Tabirako ez da behera etorri eta neurketa bukatzeko hiru minuturen faltan erantzun ikusgarria eman dute durangarrek (65-59). Ointxekoek ez dituzte besoak jaitsi eta finala bukatzeko bost segundoren faltan hiru puntu markagailuan azpitik eta baloiaren jabetzarekin heldu dira (67-64). Partida luzapenera eramateko jaurtiketa izan du bere eskuetan MUko kapitainak, baina baloia ez da saskian sartu eta garaipena Tabirakok erdietsi du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak