Atzerapenarekin, baina badator Euskal Kopa

Xabier Urtzelai 2022ko ots. 25a, 09:12

Maila nazionaleko MU, hutsarte batean. Argazkia: Bittor Munarriz.

MUren harrobiko taldeak etxean, Iturripen, jokatuko du asteburuan Euskal Kopa. Maila nazionaleko liderrak kontrario gogorrak izango ditu aurrean: Tolosako Redline Mekanika, Bilbao Basket eta Durangoko Tabirako.

Lehen nazional mailako Euskal Kopako finala jokatuko dute asteburuan Iturripen, eta tartean egongo da Mondragon Unibertsitatea. Urri hasieran hasi zuten torneo hori, baina pandemia tarteko finala atzeratzera erabaki zuten, eta orain, ligako lehenengo fasea amaitu berri dela helduko diote lauko finalari. Hala, Ointxe!-k Iturripera ekarriko du fase erabakigarria.

Kontrario gogorrak aurrean

Mondragon Unibertsitateko mutilek ez dute lan erraza izango; ligan liderrak dira, baina Euskal Kopako lauko finalera iritsi diren taldeen maila oso handia da. Hasteko, zapatuan (19:00), finalaurrekoan, moreek Tolosako Redline Mekanika taldearen kontra neurtu beharko dituzte indarrak. Tolosakoa EBA kategorian jardundako taldea da eta Ointxe!-ko harrobiko jokalari ezagun batek, Imanol Zeziagak, jokatzen du bertan. "Plazera izango da Imanolen talentu izugarriaz berriro gozatu ahal izatea, baina espero dezagun azken emaitza oraingo honetan Mondragon Unibertsitatearen aldekoa izatea", adierazi dute klubeko ordezkariek.

Zapatuko beste finalerdia (17:00) Bilbao Basket Fundazioak eta Durangoko Tabirakok jokatuko dute. Lehenengoek Bilbao Basket taldearendako harrobi lana egiten dute, eta etorkizun politeko jokalari gazteak dituzte. Tabirakok, berriz, esperientzia dauka EBA kategorian. Hala, finalaurrekoetako bi talde onenek domekan jokatuko dute finala (12:30, Iturripe).

Ligan liderrak dira

Kopa alde batera utzita, MUko harrobiko mutilak lan oso ona egiten dabiltza ligan: dagoeneko lehenengo fasea amaitu dute, eta bigarrena hasteko zain daude. Bigarren fasean, baina, lehenengo faseko garaipenak kontuan izango dituzte. Lanak aurreratuta dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak