Senarrarekin batera jarri zuen martxan Hilarion jatetxea, duela 27 urte. Aurretik, bost urtez aritu ziren kiroldegiko tabernan lanean. Aitortu du berak sukaldaritzaz gutxi dakiela, senarraren ardura dela platerak prestatzea.
Zer da lan honen onena?
Jendea ezagutzeko ematen dizun aukera. Psikologo lanak ere egiten ditugu, batzuetan: aurpegia ikusi eta badakigu nola datorren. Urtero, esaterako, Kaliforniatik etortzen zaigun bezero bat dugu, eta beraiekin harremana mantentzen dugu telefono eta mezu bidez urte osoan zehar. Baditugu bakarrik bizi eta egunero etortzen direnak ere. Egunen batean kale egiten badute, arduratu eta, badaezpada, ea ondo dauden galdetzeko deitzen diegu.
Sakrifikatua ere bada... Denek jai dutenean, zuek lanean.
Bai, bada. Hasi ginenean, bazkariak eta afariak ematen genituen, eta alabak txikiak ziren oraindik. Askotan laga behar nituen haurrak norbaitekin asteburuetan, edo gauetan...Gogorra zen hori.
Bezero onak dira arrasatearrak?
Hainbeste urteren ostean, bezero batzuk familia dira dagoeneko. Baina oraindik harritu egiten gara askotan; bada arrasatearra izanda, eta hainbeste urteren ostean, ezagutzen ez gaituela dioen jendea.
Non jan duzu ondoen gure bailaran? Gomendioren bat...
Ba, denbora gutxi izan dugu beste jatetxeetara joateko; orain, apur bat gehiago. Baina hemen Arrasaten, esaterako, Udalako bi jatetxeetara joatea plan itzela da, edo Arteagan otordu eder batez gozatzea. Bergaran, adibidez, Lasa jatetxera joatea oso gustuko genuen.
Jatetxea izanda, zuen etxean ere plater elaboratuak edo azkar egindako zerbait?
Nik gutxi dakit kozinatzeaz. Nire senarraren kontu laga izan dut beti. Berak kozinatzea maite du eta beti egoten da zerbait txukuna prestatzeko gertu. Askotan esaten diot: "Edozer gauza afalduko dugu". Eta berak ezetz, prestatuko duela zerbait ganorazkoa.
Norekin egingo zenuke otordu eder bat? Zergatik?
Ba, familiarekin, noski. Baina, bestela ere, lankideekin. Pandemia aurretik sagardotegira joaten ginen lantaldea, asteburu pasa... Hori berreskuratuko nuke gustura asko.
Zer menu prestatuko zenioke txunditu nahiko zenukeen norbaiti?
Labean egindako arrainen oso zalea naiz. Baina bestela, Hilarion menua gomendatuko nuke; egunero eskaintzen dugu, prezio itxia du eta gure sukaldearen eta esentziaren adierazle da.