"Etxebizitza duina" aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo dute astelehenean

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ots. 23a, 11:40

Arrasate-Mondragon letrak dituen biribilgunean elkartuko dira astelehenean.

Etxebizitza duina langile guztiontzat lemapean, elkarretaratzea deitu du LAB sindikatuak astelehenerako. 18:00etan batuko dira, Arrasate-Mondragon letrak dituen San Andreseko biribilgunean. "Langileon bizi baldintzen prekarizaziorako funtsezko elementua da etxebizitzarena", azaldu dute.

Etxebizitza duina bermatzea langile jendearen oinarrizko bizi baldintza duintzeko ezinbestekoa dela nabarmendu dute, "baina gaur egun etxebizitza eskubidea merkantilizatu eta espekulaziorako eta aberastasuna metatzeko erabiltzen ari da, ondorio sozial larriak eraginez".

Arrasate, LAB sindikatuaren esanetan, ez da salbuespena. "Arrasateko Udalak hainbat proiektu berri ditu eskuartean; Uribesalgo, San Andres Berri, Garaia, Uruburu, Zerrajera eta abar. Hauetatik 200 etxebizitza baino gehiago dira libreak, prezio onartezinekin. Horretaz gain, gainontzekoek ere inondik inora ez diote langile jendearen eros ahalmenari erantzuten". Gaineratu du langileen bizitzen prekarizazioa ez dela enpleguan ematen ari den fenomeno isolatua. "Gure bizitzaren eremu guztietara hedatzen ari den gaitza da".

Bost aldarrikapen nagusi

Asteleheneko mobilizazioan bost aldarrikapen aterako dituzte kalera. Batetik, etxebizitza "eskubide subjektibo erreala" dela. "Oinarrizko eskubideen sarbidea da etxebizitza eskubidea izatea eta, beraz, sarbide unibertsalari uko egitea, indarkeria estrukturala eta instituzionala da. Ezin dira onartu etxebizitza eskuratzeko inongo diskriminaziorik (sexu generikoak, arraza, adina) eta hauek legez zigortu behar dira".

Bestetik, espekulazioari uko egin eta alokairu sozial arautua lehenestea gura dute. "Erabilera balioa lehenetsi behar da, merkantilizazioari ateak itxiz. Horretarako, alokairuaren prezioa arautu behar da Arrasateko herriaren araberako adierazle soziala sortuz".

Era berean, uste dute pertsona bakoitzak ez lukeela bere diru sarreren %30 baino gehiago bideratu beharko alokairu edo hipoteka gastuetarako, eta larrialdi egoeran dauden edo etxebizitza publikoen kasuan, gehienez %15. "Horrela, alokairuetan KPIaren igoera debekatu soldata igoera bera izan ez dutenentzat".

Horrez gain, etxebizitzak trantsizio ekologikorako prestatu behar direla nabarmendu du sindikatuak eta jabetza publikoan dauden etxebizitza kopurua handitu. "Nola? Funts putre eta espekulaziorako darabilten jabego handien etxeak desjabetuz".

Azkenik, etxegabetzeak gelditu egin behar direla aldarrikatu dute. "Hipoteka eta alokairuzko etxegabetzeak debekatu eta alternatibak bermatu behar dituzte instituzioek. Etxebizitza eskubidea bermaturik ez dagoen bitartean, okupazioa despenalizatu behar da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak