Joan den abenduan egitekoa zen kontzertu hori, baina pandemiagatik atzeratu egin behar izan dute. Oraingoan bai, bi hilabeteren ostean, Goikobaluk, Goikobalu Txikik, Izartxoek eta AGAk euren errepertoriorik onena taularatuko dute herritarren aurrean, helburu argi batekin: era guztietako ezbeharrak pairatzen dituzten eta premia larriko egoerak bizi dituzten planetako zonalde desberdinetako pertsonen egoera ezagutu eta haiei laguntzea.
Hori horrela, bildutako diru guztia bi proiektutara bideratuko dute, oso-osorik: alde batetik, Mozambikera, Mundukidek nekazariekin batera daukan lankidetzara, eta, bestetik, Indiako Ankur harrera-etxean, familia oso pobreetako 200 haur baino gehiago artatzeko. Harremanetik adierazi dute Afrikako herrialdeko egitasmoak bertako nekazaritza-ekoizpena handitu eta areagotzeko balio duela, haien bizi- kalitatea hobetzeko, bide batez: "Proiektuaren koordinatzaileak gogorarazten digu aurrera egiteko lanean ari direla, baina oraindik miseriatik pobreziarako bidean dira, eta etorkizun duina izan dezaten elikadura bermatzea eta prestakuntza ematea garrantzitsua da". Ankurreko harrera-etxearen kasuan, bertako zuzendariak dio “inork ezin diela guztiei lagundu, baina denok lagun diezaiokegula norbaiti”.
Bi proiektuetan pandemia larriagotzen ari dela ohartarazi dute, eta, horregatik, jasotzen duten laguntzek euren helburuekin jarraitzera animatzen dituzte, pertsona behartsuenei laguntzeko jarduerak landuz eta antolatuz.
Eskerrak pertsona eta erakunde inplikatuei
Harreman GKEtik eskertuta azaldu dira proiektu solidarioetan konfiantza jarri duten kolaboratzaile guztiekin: "Proiektuekin konprometitutako Harremaneko kideak boluntarioak dira, pertsona guztientzat mundu justuagoa, iraunkorragoa eta berdintasunezkoagoa lortzeko beste asmorik gabe". Era berean, gogoratu dute bildutako dirua zuzenean proiektuetara doala, "bitartekorik ez dagoelako eta egitura-gasturik ere ez dagoelako".
Nola ez, eskerrak eman nahi dizkiete Goikobalu osatzen duten kide guztiei, egiten duten ekarpen guztiagatik. Arrasatearrei honako mezua luzatu diete, azkenik: "Egun horretan abesbatza zoragarri hauek entzutera gonbidatu nahi zaituztegu, eta egiten duten ahaleginari balioa ematera, minutu batzuetako musikaz goza dezagun".