Lurraren baldintzak direla-eta, "teknikoki ezinezkoa da eremua asfaltatzea", Udal Gobernuak azaldu duenez. "Hori dela eta, drainatze lanak egingo dira putzuak saihesteko, eta lurra hartxintxar-geruza batekin beteko da".
Era berean, Osakidetzak dagoeneko obra esleitu du larrialdi zerbitzuen ondoan aparkaleku berri bat egiteko eta, jakitera eman dutenez, aparkaleku hori doakoa izango da.
Bestalde, Udal Gobernuak gogorarazi du martxoan emango dituela jakitera TAO sisteman egingo dituen aldaketak, eta zonaldean ere eragina izango dutela aurreratu du, "egoera hobetzeko helburuarekin". Modu horretan, ospitalearen inguruko aparkalekuen arazoari erantzun nahi diola adierazi du, bertan "auto askok" bat egiten baitute: "Ospitaleko bertako langileenak, inguruetan bizi diren bizilagunenak eta osasun-zerbitzuetara jotzen duten eskualdeko pazienteenak".
Azkenik, Osakidetzak eraikiko duen ospitale berriak, zaharra eraitsiz eta lurpeko aparkalekua sortuz, aparkalekuen antolamendua hobetzen lagunduko duela uste du Gobernuak.
13.483 ibilgailu daude erregistratuta Arrasaten
Informazio horrekin batera, trafikoari lotutako hainbat datu eman ditu Arrasateko Udal Gobernuak. Esaterako, esan du Arrasaten 13.483 ibilgailu daudela gaur egun herriko erregistroan izena emanda. "2016an, 12.805 ibilgailu eta 22.052 biztanle zeudela kontuan hartuta, bost urtetan 678 ibilgailu gehiago ditugu, biztanleriak bere horretan jarraitzen duen bitartean". Horrez gain, beste 5.000 ibilgailu jasotzen ditu egunean eta 6.555 aparkaleku daude herrian.