Bost gai landuko dituzte eta gai bakoitzaren oinarrian irakurgai bat egongo da, Iratzar Fundazioaren Iparrorratza bilduma eta Plaza Hutsak argitaratutako azken hausnarketa. Jakitera eman dutenez, parte-hartzea irekia izango da eta, hala nahi duenak, solasaldia baino 2-3 aste lehenago Irati Topalekuan irakurgaia jaso eta lantzeko aukera izango du. "Ondoren, eguaztenetan egingo ditugun solasaldietan, idazlearekin batera ideiak eta iritziak partekatzeko aukera egongo da".
Honakoak dira landuko dituzten gaiak eta solasaldiak:
- Otsailak 23, asteazkena, 19:00etan
- Euskal Matxinada. Genealogia eta egungo eztabaidak, Andoni Olariaga Azkaraterekin.
- Martxoak 23, asteazkena, 19:00etan
- Askatu edo moztu. Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak, Nora Salbotx Alegriarekin.
- Apirilak 27, asteazkena, 19:00etan
- Arnasberritzen. Euskalduntze prozesua asnarberritzen, ezkerretik eta independentismotik, Xabi Iraola Larraiarekin.
- Maiatzak 18, asteazkena, 19:00etan
- Jan eta Jabe. Elikaduraren bidez, herria eraikitzen, Tasio Erkizia Almandozekin.
- Ekainak 8, asteazkena, 19:00etan
- Mamuariso. Neoliberalismoa versus burujabetza, Floren Aoiz Monrealekin.
Lehen saioa, Andoni Olariagarekin
Lehenengo hitzorduan Andoni Olariaga Azkaratek landutako Euskal Matxinada. Genealogia eta egungo eztabaidak liburua izango dute oinarri. "Autoreak burujabetza prozesu herritar historikoa aztertzen du, 1950eko hamarkadan sorturikoa. Hamarkadetan zehar luzatu edo errepikatu diren eta gaurkotasun handia daukaten hainbat eztabaida aztertuz: txanponaren bi aldeak, negoziazioaren mitoa, independentzia, langile klasearen atomizazioa, zerumuga iraultzaileak... Atzera begirada bat aurrera egiteko, eta hainbat galdera, besteak beste: nola egokituko ditugu orduko intuizio, hipotesi eta balioak taupada askatzaile eta iraultzailea mantentzeko?".