Otsaileko bigarren hamabostaldian, hau da, datorren astean, hasiko dituzte Osiñako biribilgunea egiteko lanak. Obra hori Otegi Gaztañaga SL enpresari esleitu dio Gipuzkoako Foru Aldundiak eta zortzi asteko epea izango du horretarako. Beraz, ondo bidean, apiril hasierarako bukatuta egongo da obra.
Biribilguneak 19,20 metroko kanpoko diametroa izango du eta bost metro zabaleko barne eraztuna. "Gainera, biribilgunearen 8,10 metroko eraztuna zapalgarria izango da, ibilgailu astunek eta autobusek biraketa maniobra errazago egin dezaten", dio Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak. Era berean, saihesbidetik datozen ibilgailuen abiadura mantsotuko dela azaldu du, eta mugimenduak erraztuko direla gaineratu. Inguruko argiztapena "nabarmen" hobetuko duen 250 W potentziako LED argiteria ere jarriko dute.
Lanek zirkulazioan eragina izango dute. "Dena den, saiatuko gara ahalik eta txikiena izaten", azaldu du Oiarbidek.
Saihesbideko lanak, bukatzear
Gipuzkoako Foru Aldundiak bukatzear ditu GI-627 errepideko 36. kilometroko lanak. Batetik, zoruari tratamendu berezi bat eman diote, gurpilek asfaltoari hobeto eusteko –marruskadura handitzeko–. Bestetik, gehienezko abiadura 60 kilometro ordukoa da orain. Hori adierazten duten seinale berriak datorren astean jarriko dituzte.