Ekimena Udal Gobernuaren (EAJ/PSE) eta EH Bilduren arteko 2022ko aurrekontu akordioan dago oinarrituta; EH Bilduk egindako zortzi proposamenetako bat da, alderdien arteko akordioan jasotakoa. Kultur ikuskizunetarako sarrerak, orain arte bezala, www.arrasate.eus web orriaren bidez eskuratu ahal izango dira.
BAZen, kutxazain berria
Bestalde, Udalak kutxazain bat jarri du BAZen ordainagiriak automatikoki ordaintzeko: "Zerga edo isunei dagozkien ordainagiriak azkar eta eroso ordaintzeko aukera emango du". Modu horretan herritarrei begirako "arreta eraginkorra, erraza eta azkarra" eskaintzea da asmoa, "ilarak eta itxaronaldiak murriztuz".
Sistema "aurrerapausoa" dela adierazi dute Udaletik: "Ordainagiriak txartel fisiko zein birtual bidez automatikoki ordaintzeko aukera egongo da. Ordainagiriak duen barra-kodea makinaren irakurgailura hurbildu bezain laster, makinak ordainagiria identifikatuko du. Ondoren, txartel fisiko baten bidez ordaintzeko aukeraz gain, contactless sistemaren bidez ordaintzeko aukera emango du (txartel birtuala). Azkenik, herritarrak egindako izapidearen egiaztagiria lortuko luke".
Kutxazain horretan ezingo da eskudirutan ordaindu. BAZ zabalik dagoen bitartean erabil ahalko da makina; astelehenetik ostiralera, 08:30etik 19:00etara, eta larunbatean, 09:00etatik 13:00etara.