Lan hitzarmena adostea eskatzeko, bost eguneko greba egingo dute Aita Menniko langileek –bai Arrasateko ospitalekoek eta bai beste zentroetakoek–. ELA sindikatuak adierazi duenez, buruko osasun sistema "kalitatezkoa eta publikoa" izan behar da, eta beste behin, hori aldarrikatzeko baliatuko dute greba: "Langileak jasaten ari diren presioa eta prekarietatea geroz eta nabarmenagoa da (...) Geroz eta karga fisiko eta emozional handiagoa dute, eta enpresak ez du borondaterik arazo guzti horiei erantzuteko".
Zuzendaritza: "Soldatak %4,3 igo berri dira"
Deialdiaren aurrean, oharra kaleratu du Aita Menniko zuzendaritzak. Bertan azaldu duenez, grebak deitzea "ez da akordioak erdiesteko bidea". Honela dio zuzendaritzak: "Akordioak lortzeko eseri eta elkarrizketarako prest egon behar da. Pankartak, jarrera maximalistak eta grebak ez dira bidea", zehaztu du. Era berean, enpresak gogora ekarri nahi izan du aurten soldatak %4,3 igo berri direla.
Sindikatuak dioenez, baina, enpresa da "negoziatzeko borondaterik ez duena": "Azarotik ez du inolako borondaterik agertu langile batzordearekin eseri eta lan baldintzen inguruan negoziatzeko. Enpresak dio ez dagoela dirurik lan baldintza eta zaintzan inbertitzeko, baina bitartean hogei milioi euro inbertitu dituzte eraikinetan". Datozen astekoekin hemezortzi izango dira Aita Menniko langileek orain arte egindako greba egunak.