Estatuko Aldizkari Ofizialak argitaratu du Next Generation funtsen jaulkipen-baxuko deialdiko laguntzak emateko prozeduran onartutakoen behin betiko zerrenda eta hor dago Arrasate. Udalak 993.285 euro eskatu zituen hiru proiektutarako: 743.285 euro Ekobulebarra-rendako; 50.000 euro Araba Etorbidea eta Foruen Plaza arteko bidegorrirako; eta 200.000 euro Santa Teresako igogailuetarako.
Maria Ubarretxena alkatea gustura agertu da albiste "ezin hobea" delako: "Arrasaten azken urteotan egiten ari garen tokiko berroneratze eta mugikortasun politika aktiboen aldeko bultzada da. Arrasatek proiektua dauka eta Europak baliozkotu egin du. Herri jasangarriagoa, berdeagoa eta klima-erronkari erantzuten diona eratzen jarraitzen dugu".
Mugikortasun iraunkorra oinarri
Hiriko Garraioaren Behe Emisio Guneak eta Eraldaketa Digital eta Iraunkorra ezartzeko Udalerriei Laguntzeko Programaren deialdi horretara irailean aurkeztu zen Arrasateko Udala. Mugikortasun iraunkorrean oinarritutako planaren barruan daude hiru proiektuak eta horien helburua da "oinezko joan-etorriak eta bizikleten erabilera sustatzea", ibilgailu pribatuaren erabilera gutxituta, udalerriko "CO2 emisioak murrizteko".