Arrasaten hiru ludoteka finko kudeatzen ditu Txatxilipurdik, baina badira oraindik ludotekarik ez duten auzoak ere, eta bereziki auzo horietako haurrei zuzendutako egitasmoa da ludoteka ibiltaria, 29. urtez egin dutena.
Oraingoan ere hiru auzotan egingo dute, "zapatu goizetan euskaraz jolastuz, haurren beharrak entzun eta hauek bideratzeko ahaleginak egingo ditugularik, baliabideak eskainiz".
Musakolan egongo dira lehenik, otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an. Gero, San Andresen, martxoak 5ean, 12an, 19an eta 26an. Azkenik, Erguinen gauzatuko dute ludoteka ibiltaria, apirilaren 2an, 9an eta 30ean eta maiatzaren 7an. Ordutegiari dagokionez, 11:30etik 13:30era izango dira saioak.
Bi hezitzaile egongo dira bidelagun asteburu bakoitzean eta 3-12 urte bitartekoek parte hartzeko aukera izango dute. "Horien arduradun edo gurasoei ere gonbidapena luzatu nahi diegu".
Txatxilipurdiko kideek azpimarratu dutenez, euskaraz, ekintza eta jolas ugari egiteko aukera egongo da, aldi berean, auzokide berriak ezagutuz, talde lana sustatuz, guztien parte hartzea bultzatuz, sormenari bide emanez, ikasiz, jolastuz eta dantzatuz. "Gozamenetik, batez ere kanpo espazioa erabiliko dugu".