Arrasate Musikalek antolatu du gaur, astelehena, egingo duten piano ikasleen topaketa hori, eta, herriko musika eskolako piano-joleez gainera, Eskoriatzako, Aretxabaletako, Oñatiko, Bergarako, Elgetako, Soraluzeko eta Legazpiko musika eskoletakoak gonbidatu dituzte.
Harremanak "sendotzeko"
Herrietako musika eskoletako piano-joleen eta piano irakasleen arteko harremanak sendotzea du helburu nagusi Amaia Udal Antzokian 18:00etan hasiko den ekitaldiak.
8 urtetik gorako 45 pianista batuko dira antzokian, eta banakako saioak egingo dituztela iragarri du Arrasate Musikaleko komunikazio arduradun Edorta Ayastuik: "Osasun-egoera dela-eta, lau eskutara jotzea ekidingo dugu eta banaka igoko dira taularen gainera. Eskainiko dituzten piezak denetarikoak izango dira: klasikoak, euskal abestiak eta gaur egungoak".
Sarrera, doan
Interesa duten guztientzako ateak zabalik izango dira, eta, ohi moduan, antzokira sartzeko COVID ziurtagiria eskatuko dute.