Gaur hasita, hilabetean behin, hiru orduko saio bat egingo dute elkarrekin, teknikak ikusi eta garatzeko. "Gero, bakoitzak bere klubean landuko ditu hobeto".
Gerriko zuritik gerriko marroira bitarteko errepaso bat egingo dute saio horietan, eta gerriko beltza lortu gura dutenek dihardute. "Espainiako Judo Federazioan ikastaro hauek egingo dituzten azken urtea izango da, aurrerantzean guztia azterketa bidez egingo baitute. Guk, hala ere, euskal federazioan, mantendu egingo ditugu saio hauek, gure neska-mutilak azterketara ondo prestatuta joan daitezen", nabarmendu du Gallegok.
20 bat parte-hartzaile espero zituzten, eta 35 bat elkartu dira. "Hori ikusita, Musakolako tatamia txiki geratuko zaigu agian, eta Tolosara joan beharko dugu, araututako bi tatami dituztelako han". Hala ere, printzipioz, Arrasaten jarraituko dute eta Aitziber Muñoz kirol teknikariari eskerrak eman dizkiote, "saioak hemen egin ahal izateko egin duen ahaleginagatik".
Jose Manuel Paternain, Julio Gallego, Asier Berasategi eta Ekaitz Gorbeia arituko dira irakasle lanetan.